Ehun aldiz begiratu, arriskuak prebenitzeko
Trafiko istripuak ekiditeko jarduerak egingo dituzte bihar Ordizian. 65 urtetik gorakoei zuzenduta dago. Egun osoan egingo dituzte ekintzak.

Aurtengo datuen arabera, trafiko istripuetan hildako hamaika pertsonetatik hiru 65 urte edo gehiagoko pertsonak dira. Datu eta ondorio horretatik abiatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Arriskua gutxien espero duzunean dago, 100 aldiz begiratu kanpaina ibiltaria abiatu du Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 22 herritan. Tartean daude Ordizia eta Zumarraga.
Bihar, maiatzaren 8an, Ordizian, hainbat jarduera egingo dituzte 65 urtetik gorako pertsonei zuzenduta. Era horretan, adinekoen autonomiari garrantzia eman nahi zaio egitasmoarekin, bizitza aktiboa, osasuntsua eta segurua izaten jarrai dezaten.
Kaleko jarduerak
Mugikortasun ohiturei eta beharrei buruz hausnartzera bultzatzeko, jolas programa hezitzailea da. Egun osoko egitaraua antolatu dute, kalean eta Zuhaizti gizarte zentroan. Batetik, egun osoan, Nikolas Lekuona plazan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era, kaleko jarduerak egingo dituzte.
Parte-hartzaileek bide segurtasunari buruzko jokoak egingo dituzte, arriskuak identifikatzen eta prebenitzen laguntzeko: autotest tabletetan, multimedia-jarduerak pantaila interaktiboetan, bide segurtasunaren gaira egokitutako herri jolasak, denbora-pasak… Kafea hartzeko, Coffe truck bat jarriko dute.
Arratsaldean, Zuhaiztin
Arratsaldeko saioak Zuhaizti gizarte zentroan egingo dituzte, bi zatitan banatuta. Batetik, 17:00etatik 18:30era, konpromisoak hartzeko taldeko parte hartze saioa egingo dute, eta adinekoen mugikortasun segururako jardunbide egokien dekalogo bat landuko dute bertan.
Herri bakoitzera egokitutako agiria izango da eta gizarte zentroan bistan jarrita egongo da, hartutako konpromisoak gogoan izateko eta egunerokoan betetzeko. Saioan parte hartu ahal izateko, izena eman behar da Zuhaiztin bertan.
Egunarekin amaitzeko, 18:30ean, umorezko bakarrizketa bat egongo da. Sergio Arrospidek bide segurtasunari buruzko mezuak umorez helaraziko ditu bakarrizketan, parte-hartzaileei trafiko istripuei aurre hartzearen garrantzia gogora ekartzeko.
Arazo nagusienak
Kanpainaren izenak dioen bezala, arriskua gutxien espero denean izaten da. Distrakzioa izaten da arriskuetako bat. Bihar, noizbehinkako despiste horiek eragin ditzaketen arrisku egoerak identifikatzen lagunduko diete adinekoei. Horrekin batera, kale eta errepideetako seinaleak, arauak eta berrikuntzak landuko dituzte. Era berean, araua ezagutu arren betetzen ez den kasuetan sortzen diren arriskuak ekiditeko tresnak ere emango dizkiete.