Kantaria eta argazkilaria oholtzan
Garik lehenengo aldiz abestuko du Latxartegi aretoan ostiralean, eta Gorka Salmeronekin partekatuko du oholtza, musikaz eta kulturaz hitz egiteko.

Azkenean Legazpin abestuko du Garik. «Egundoko sorpresa izan zen niretzat, baina baita urduri egoteko arrazoia ere. Orain dela ezer gutxi Hertzainak taldearekin egin genituen azken saioetan baino urduriago nago», dio kantari legazpiarrak, «ez dakit arduragatik den… baina ikara handi batekin nabil, zama bat bezala sentitzen dut. Hala ere, gustuko sentsazioak dira». Kontzertua ostiralean da, Latxartegi aretoan, 20:00etan. Sarrera gutxi batzuk daude oraindik salgai latxartegisarrera.sacatuentrada.es webgunean.
Lehenengo aldia da Garik bere ikuskizuna Legazpin aurkeztuko duena, bere herrian. «Legazpiarra naiz, baina ia ez naiz legazpiarra, aspaldi joan nintzelako hortik. Amaren herria da, eta bira hor hasita, aitaren herritik ere igaroko naiz, Bizkaiko Zaldibartik. Oso sentsazio polita da bi herrietan jotzea».
Duela 30 urteko ‘Gari’
Okasio berezia izango da gainera Legazpin abestea, duela 30 urte kaleratu zuen Gari izeneko diskoa berrargitaratu duelako duela gutxi LP formatuan eta edizio mugatuan. Garik gogoratu du bakarkako lehen lan horrek lotura berezia duela herriarekin, «18 urterekin Gasteizera joan nintzen, eta Hertzainaken 11 urte egin eta gero, Legazpirekin nuen harremana sendotu egin zen, Gorka Salmeronen argazkien bidez besteak beste». Izan ere, argazkilari horren esku utzi zituen diskoaren argazkiak, eta, gainera, «diskoaren karpetaren unibertsoa» herriko kale batean kokatu zuen.
Elkar argitaletxeak jarri zion disko hura berriz kaleratzeko ideia mahai gainean, eta lehen lana masterra aurkitzea izan zen, eta harekin, gainerako materiala. Masterrak azaldu ziren, eta horri esker, jatorrizko pistekin lan egin du Garik diskoa gauzatzeko, ahotsa berriz grabatuta. Eta argazkiak berreskuratzeko, Salmeronekin jarri zen harremanetan, «karpeta berri bat egiteko, non 30 urteen kontzeptua adierazi nahi genuen».
Eta Salmeronen artxiboan, 1995ean Legazpin paper fabrika zaharreko kalean ateratako argazki haiez gain, Donostiako Viktoria Eugeniako kamerinoetan taldearekin diskoa aurkezteko kontzertuan ateratako beste argazki batzuk, eta gerora, 1997an Gasteizen atera zizkion erretratuak zeuden jasota. Disko berriko karpeta irudi haien guztien hautaketa batekin osatu dute, «collage bat eginda».
Argazki horietan «rock&roll star bat» agertzen dela dio Garik, «baina hura aspaldi desagertu zen, nire bidea beste leku batetik joan da, eta 30 urte eta gero ikusten dut ez dudala bat egiten nintzen tipo harekin. Eboluzio eta eraldatze ikaragarri bat izan dela ikusten dut, ez da erraza izan, baina gaur egun gai naiz nire ofizio honetan disfrutatzeko eta nik aukeratutako bide horiei eusteko, indartzeko eta gustura sentitzeko».
Salmeronekin solasaldia
Duela 30 urte Gorka Salmeronekin sortu zuen lotura ostiraleko emanaldian azalduko dute bi artistek, Garik etenaldi bat egingo duelako kantaldian, eta bien artean «gehien bat zergatiak» plazaratuko dituzte taula gainean, «Legazpi bezalako herri txiki batean horrelako animo kulturalak eta artistikoak zergatik sortu ziren». Gari eta Salmeroren artean adin tarte bat dago, eta biren arteko lotura Carlos Ausserladscheider izan zen. «Carlos izan zen mentorea, agitatzailea, hippy erraldoi bat, eta artista handi bat. Eta bere itzalpe horretan gustura egin dugu bidea bai Gorkak eta bai nik, hori adierazi nahi dugu saio honetan».
«Gaur egun gai naiz nire ofizio honetan disfrutatzeko eta nik aukeratutako bide horiei eusteko, indartzeko eta gustura sentitzeko»
«[Legazpira] bakarrik noa, eta publikoak aurkituko duena da Gari biluzi bat, gitarra soilarekin, bere kanta zerrenda aurkezten, non hitzak izango diren ardatz nagusia, hitzek izango dute pisu guztia ikuskizunean»
Iñaki Igon Garitaonaindia ‘Gari’. Musikaria
Bakarkako formatuetan egin izan ditu horrelako emanaldiak Garik, «saioaren parte batean solasaldi txikiak egin izan ditut gai desberdinekin, eta oraingoan azpimarratu nahi dugu kulturak baduela bere oihartzuna, inoiz ez dakizula nola sortuko den, arteak badituela bere engainuak eta bere magiak, eta Legazpi bezalako herri txiki batean akzio horiek ere izan zirela». Alegia, haziak erein zirela eta eman dituztela fruituak, bi artista horiek bezalakoak, «eta beste asko! Gure solasaldi horrekin gure aurretik eta gure ondoren egon zirenei omenalditxoa egin nahi diegu».
Legazpiko kontzertua
Garik dio oso gustura sentitzen dela «leku txikietan, herri txiki horietan». Agindu duenez, Legazpiko saiorako asmoa ez da «sekulako kontzertua» egitea, «bakarrik noa, eta publikoak aurkituko duena da Gari biluzi bat, gitarra soilarekin, bere kanta zerrenda aurkezten, non hitzak izango diren ardatz nagusia, hitzek izango dute pisu guztia ikuskizunean, eta hitzek sortzen dituzten doinuak izango dira protagonistak, baina modu oso samurrean. Emozioak pil-pilean azalduko dira».
Zerrenda horretan disko askotako kanta aukeraketa bat izango da gehien bat, «bakarkako lehenengo diskokoak, nire errepertorioko ohiko kantak, azkeneko diskokoak ere bai, eta tartetxo bat ere emango diet Hertzainaken garaikoei»
Salmeron ere urduri, baina irrikan
Gorka Salmeron ere urduri dago, baina aldi berean irrikan Garirekin batera oholtzara igotzeko ostiraleko emanaldian, «Legazpiz, musikaz, kulturaz… hitz egiteko». Kontu asko dituztela kontatzeko aurreratu du: «Gariren hastapenak Legazpin, Ziper taldea, Karlos Ausserladscheider, rock&rolla… nik badut zer kontatu behintzat».
Argazkilariak dio Gari baino sei urte gazteagoa izan arren, komunean «gauzak» badituztela. «Berak bere oroimenak ditu, musikaren zaletasuna nondik etorri zitzaion, nik nireak… baina gurutzatzen dira. Herri honetan badaude lotura batzuk, eta horietako bat da Ausser».
«Duela 30 urteko lehen disko hartarako argazkiak egin nizkion, CDrako, eta hura lan itzela izan zen niretzat»
Gorka Salmeron. Argazkilaria
Bi artisten arteko harremana aspaldikoa da. «Duela 30 urteko lehen disko hartarako argazkiak egin nizkion, CDrako, eta hura lan itzela izan zen niretzat. Oraingoan, gordeta nuen argitaratu gabeko materiala atera dugu LPrako. Hau opari bat da!». Argia ikusi duten argazki horien artean azalekoa nabarmendu du Salmeronek, kotxeko leihotik atzera begira dagoen Gari gaztetxo bat erakusten duena. «Egundoko argazkia da erretratu hori. Bere garaian ez zen atera, eta oraingoan bai, hain justu kontzeptualki duela 30 urte haietara atzera begirada islatzen duena».