LGTBI+ influencersak Goierri ezagutzen
The LGBT+ Travel Symposium 2025 egitasmoaren barruan, gaur Goierrin dabiltza nazioarteko hamalau LGTBI+ influencers edo sortzaile espezializatu. Goizean Ordiziako azoka eta Segurako Ondarre gaztandegia bisitatu ondoren, Ordiziako Tximista sagardotegian bazkalduko dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Basquetourrek antolatutako The LGBT+ Travel Symposium 2025 egitasmoaren barruan, gaur Goierrin dabiltza nazioarteko hamalau LGTBI+ influencers edo sortzaile espezializatu. Ordiziako azoka bisitatzen izan dira goizean, eta ondoren Segurako Ondarre gaztandegira joango dira. Bazkaltzeko, berriz ere Ordiziara itzuliko dira, Tximista sagardotegira.
Azahara Dominguez diputatuaren esanetan, bidaia honen helburua G”ipuzkoako erakargarri turistiko nagusietako batzuk” erakustea da. Horrela, taldeak Balenciaga museoaz eta Getariako Txakolin dastaketaz gozatzeko aukera izango du, baita Zumaiako Flyscha ezagutzeko, Ordiziako merkatua eta Ondarre gaztandegia bisitatzeko eta Goierriko sagardotegi baten esperientzia ezagutzeko ere. “LGTBI+ turismoa segmentu estrategikoa eta balio handikoa da turismo-garapenerako. Gainera, turismo mota honek Gipuzkoa lurralde moderno, abegikor eta errespetuaren eta aniztasunaren balioekin lerrokatuta kokatzen laguntzen du “, nabarmendu du Azahara Dominguez diputatuak.
Era horretan, 14 eduki sortzaile espezializatu horien presentziak “Gipuzkoaren irudia audientzia guztiei proiektatzea ahalbidetuko du, helmuga inklusibo eta jasangarri gisa duen posizionamendua indartuz”. Bere argitalpen, bideo eta kontakizun pertsonalen bidez, balio handiko edukia sortuko da, beste bidaiari batzuk lurraldea ezagutzera bultzatuko dituena.
“Gipuzkoak aniztasuna ospatzen duen, kulturen arteko zubiak eraikitzen dituen eta gizarte irekiago eta kohesionatuago bati laguntzen dion turismoaren aldeko apustua egiten du. Aldundiak gure izaera abegikorra eta errespetuzkoa ezagutarazteko eta kalitate handiko bisitariengana hurbiltzeko aukera emango diguten ekimenak babestuko ditu “, amaitu du diputatuak.