Mendiaspe baserria botatzen ari dira
Urolako Industrialdea S.A. enpresaren jabetzakoa da, eta egoera txarrean dagoelako erabaki du eraistea.

Mendiaspe baserria botatzen hasi dira gaur goizean. Elbarrena auzoan dago baserria, Legazpitik Urretxu-Zumarragara doan errepide ondoan, eta Alcampo saltokiaren ia parean.
Garapen industriala izateko izendatuta dagoen eremu batean kokatuta dago, eta baserria eta inguruko lursailak Urolako Industrialdea S.A. enpresaren jabetzakoak dira. Eraikinak zuen egoera txarraren aurrean, eraistea erabaki du, horretarako lanak interes bereziko izendapena jaso ondoren Legazpiko Udalaren azken udalbatzan, apirilaren 29an. Izendapen horri esker, Urolako Industrialdea S.A-k hobariak izango ditu obrengatik ordaindu beharreko tasetan.
Mendiaspe baserriaz gain, Legazpitik gertuago dagoen Zurrantegi baserria ere botako dute.