Ordizian, ‘Zinema eta Buru Osasuna’ zineforuma
Agifes elkarteak antolatu du. Maiatzaren 14an izango da Herri Antzokian, 18:00etan. Dohainik da.

Buru osasun arazoa duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako Agifes elkarteak, nahasmendu obsesibo-konpultsiboari eta antsietateari buruzko Zinema eta Buru Osasuna zineforum zikloaren saio bat eskainiko du Ordizian, maiatzaren 14an, 18:00etan, Herri Antzokian. Dohainik da.
Eskainiko duten filma A Real Pain da. Bi lehengusuren bidaia kontatzen duen komedia dramatikoan. Poloniako kontzentrazio esparruetan zehar dabiltzan bitartean, beren barne gatazkei eta trauma pertsonalei aurre egingo diete. David (Jesse Eisenberg), nahasmendu obsesibo-konpultsiboa (TOC) eta antsietate orokorra duen mutikoaren eta bere lehengusuaren (Kieran Culkin) istorioa da. Azken horrek Bigarren Mailako Gizonezko Aktore Onenaren Oscar Saria eskuratu zuen azken edizioan.
Filma amaitutakoan, filmaren mezuan sakontzeko, solasaldia egingo dute Agifeseko kideek.
Zikloaren helburua da buru osasuneko arazoen ezagutza zabaltzea, baita buru nahasmendua duten pertsonen gizarteratzea sustatzea ere.