Tomatea iritsi da Ordiziara, Azkoititik Uzinek ekarrita
Gaur hasi eta abendura arte iraungo du Gurutzia baserriko tomatearen salmenta denboraldiak. Zorroztailea hasi da ferian lanean.

Tomate eder askorekin itzuli da Jose Mari Uzin azkoitiarra Ordiziako feriara, neguan beste zereginetan ibili eta gero. Gaur izan du aurtengo salmenta denboraldiko lehen feria, eta okasiorako Gurutzia baserriko negutegian heldutako tomate ederrenak aukeratu ditu, baina gutxik izan dute erosteko aukera, goiz erdialderako gutxi batzuk besterik ez zitzaizkiolako geratzen, berdeenak gainera. Bezeroak zain zituen nonbait Azkoitikoak. Kiloa 6 euroan jarri du aurten salgai. Dena ondo bidean, abendura arte izango du tomatea ferian saltzeko adina.
Uzinek garaiko beste produktu batzuekin bete du postua, eta besteak beste, ilarrak eta babak zituen salgai. Babek 5-7 euro arteko prezioa egin dute, eta ilarrek, 12-16 euro.
Bestelako berritasun bat ere izan da gaurko ferian, udaberriko aza. Maria Jesus Oriak aurkeztu du, eta burua 2 euroan jarri du salgai. Indabarekin nahastuta jateko oso aproposa dela esanez saldu ditu ale guztiak.
Gereziak eta perretxikoak
Berritasunen atalean kanpoko produktuak ere sartu behar dira, fruta saltzaileak hasi direlako melokotoiak (kiloa 5,95 euroan), eta Leridako gereziak ere saltzen (15,9 euro). Hezurdun frutaren denboraldia hasi dela argi dago.
Perretxikoen atalean, bestalde, honako lotea osatu dute Lasaren, Barcinaren eta Barandiaran postuetan: 280 kilo ziza (18-40 euro), 65 kilo onddo (22-38 euro) eta 12 kilo ziza hori (24-26 euro).
Zorroztailea
Eta eguneko beste berritasuna Jose Mari Albisu zorroztailea izan da. Goen plazan furgoneta eta beharrezko makinak jarrita, Zaldibian bizi den lazkaotar hau bertan izango da datozen asteazkenetan labanak, kutxiloak, guraizeak, aizkorak edo inaustekoak zorrozten. Kutxilo aukera zabala ere badu salgai.
Albisuk prezio lehiakorrak eskaintzen ditu, eta Ordizian ez ezik, auzoz auzo ere ibiltzeko prest dago, deitzen bazaio. Zerbitzu honi buruzko informaziorik nahi duenak, 652 920 848 telefono zenbakira deitu dezake, edo www.zorrozketak.com webgunean begiratu.
Bisitari ugari, eta saltzaile bereziak
Bisitarien atala oso oparoa izan da gaurkoan, hiru talde izan direla Ordizian herrigunea eta azoka ezagutzen, D’Elikatuz zentroko teknikariek gidatuta. Batetik, Urretxuko Gainzuri ikastetxe publikoko ikasle gaztetxoak izan dira, eta bestetik, urrutiagotik iritsitako beste talde bat, Burgostik, hain zuzen. Maria Zambrano helduen eskolako ikasle adinduak ziren, Hirugarren taldea, Basquetourrek antolatutako LGTBIQ+ Kongresuan parte hartzen ari diren kideek osatu dute.
Saltzaile bereziak ere izan dira gaur, Legazpiko Olazabal institutuko Zeregin Ikasketa Gelan dabiltzan ikasle goierritarrak. Saloura ikas bidaian joatekoak dira, eta gaur Ordiziako azokan izan dira gelan egiten dituzten produktuak salduz diru apur bat lortzeko.

Izenen lehen tomateak

Jose Mari Uzin azkoitiarra

Maria Jesus Oria udaberriko aza batekin

Iriarte aita-semeak Leridako gereziekin

Basquetourrek antolatutako LGTBI+ Kongresuko partaideak Ordiziako alkate Adur Ezenarrorekin eta D’Elikatuz zentroko Leire Arandiarekin

Legazpiko Olazabal institutuko ZEG-eko ikasleen postua