Urtebetean 500 erabiltzaile baino gehiago
Urteetan eta hamarkadetan bildutako liburuen eta aldizkarien gordailua da KGT Kolektiboaren Ordiziako Lutxi Irazigunea. Urtebetean 500 erabiltzailetik gora izan ditu.

Apirilaren 13an urtea bete zen Ordizian, Torre Etxearen beheko solairuan, KGT Kolektiboak Lutxi Irazigunea inauguratu zuenetik. Adin ezberdinetako pertsonentzat komunikazio, irakurketa eta ikasketa gunea izateko espazio fisiko bat eskaintzea izan dute hasieratik helburu, «gizartean izpiritu kritikoa bultzatzeko».
Urteetan bildutako materiala dute bilduta eta sailkatuta. KGT kolektiboaren esanetan, hainbat formatutan dauden material bibliografikoak erabiltzen dituzte (ikasketak, analisiak, bildumak… Elhuyar, Hazi Hezi, Jakin…), baita interes espezifikoak dituzten materialak ere (ekologismoa, natura, artea, nekazaritza, feminismoa…); «30 urte baino gehiagoz bildu ditugu eta milaka aleko bilduma osatzen dute». Bildutako aldizkarien %80 eta liburuen %60 baino gehiago euskarazkoak dira.
Boluntario eta norbanakoez gain, Goieki, Ordiziako Udala eta Orkli eta Irizar kooperatibak izan dituzte bidelagun, batzuetan diruzko ekarpenekin, beste batzuetan lokala edo materialak eskainiz. Bulegoko material berria erosteko aukera izatea dute hurrengo helburua (inprimagailua, ordenagailua…).
Erabiltzaile kopurua
Urtebete honetan 500 erabiltzailetik gora izan ditu Lutxi Iraziguneak. 20 urtetik beherakoak sei izan dira, 21-40 urte bitartekoak 68, 41-60 urte artekoak 116, eta 61-80 urte bitartekoak 316.
Erabiltzaile gazteak erakartzeko, Ordiziako (Oianguren eta Jakintza) eta Lazkaoko (Maizpide eta San Benito Ikastola) ikastetxeekin harremanetan jarri dira. «Gure material fisikoa haien esku jartzeko. Goierriko beste ikastetxeekin ere lankidetza hori zabaltzea dugu helburu».
Emakumezkoak 322 izan dira eta gizonezkoak 185. Bertan kontsultak egiteaz gain, etxera ere eraman daitezke liburuak maileguan hartuta. Lehenengo urtean 98 lagunek, %20ak, materiala maileguan hartu dute.
Beste funtzio bat ere betetzen du Lutxi Iraziguneak: «Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailarekin elkarlanean ari gara, gizartearentzako lan orduak bete behar dituzten pertsonak gure elkartean lagundu dezaten. Gaur arte, pertsona batek itzulpen lanak egin ditu, eta beste bat materialaren sailkapenean eta artxiboan laguntzen ari da».
Hileroko gaia
Hilero gai bati arreta berezia jartzen diote, Txoko Berezia izeneko gunean. Apirilean eta maiatzean, komikia dute hausnarketarako gaia. «Horrek esan nahi du hilean behin publizitatea egiten dugula kartel, sare sozial eta komunikabideetan, eta gure proiektua babesten duten entitateen izenak bertan agertzen dira». l