Legorretako I. Kinto Eguna, 600 lagunekin
17 eta 81 urte arteko legorretarrak elkartuko dira larunbatean festa giroan. 13:00etan taldeko argazkia atera eta poteoa egin ondoren, 400 lagun elkartuko dira pilotalekuan bazkarirako.

Adin tarte bakoitzerako egun edo festa bat izaten da, Gazte Eguna eta Jubilatuen Eguna esate baterako. Baina aurtendik aurrera, adin eta belaunaldi desberdinetako herritarrek elkarrekin festa egingo duten egun bat gehiago izango da Legorretan: Kinto Eguna. Belaunaldi arteko eta elkarbizitzarako eguna izango da. Legorretako Kinto Eguna 2025 jartzen duen zapi berdeak batuko ditu legorretarrak.
Larunbatean izango da lehenengo Kinto Eguna eta arrakastatsua izango da, 17 eta 81 urte bitarteko kintadek, ia 600 lagunek [adin tarte horretan dauden herritarren ia erdiak] hartuko baitute parte. Tartean izango dira herritik kanpo bizi diren legorretar asko ere. Gogotsu daude denak. Festa ziurtatua dago beraz larunbatean. Maiatzaren 28an hasiko diren Azintzio jaietarako entrenamendua izango da, egun osoko festa antolatu baitute.
Argazkia eta bazkaria
13:00etan taldeko argazkia ateratzeko jarri dute lehen hitzordua. Bazkalaurreko poteoa egin ondoren, 14:30ean, bazkaria egingo dute legorretarrek. 400 lagun pilotalekuan elkartuko dira eta gainerakoak elkarteetan eta herriko zein inguruko jatetxeetan. Arratsaldean, 18:00etan, Ordiziako Burrunbazale txarangak alaituko du giroa.
Seguratik ideia hartuta
Segurako Kinto Eguna arrastoa uzten ari da. Larunbatean Legorretan egingo dute Kinto Eguna eta irailaren 13an Zegaman.