Azkeneko bi egunak festak agurtzeko
Bihar Kapela Dantza herrikoia izango da Euskal Herria plazan. Igandean, berriz, Mirandaola Eguna ospatuko dute musika eta dantzarekin.

Santikutz jaiak agurtuko dituzte legazpiarrek asteburuan. Azken bi egunak geratzen zaizkie aurtengo festetaz gozatzeko. Bihar, larunbata, Kapela Dantza herrikoia izango da Euskal Herria plazan, eta igandean Mirandaola Eguna ospatuko dute, goiz eta arratsalde.
12:00etan hasiko da Sustraiak Dantza Taldeak sustatzen duen Kapela Dantza. Plazan dantza egin ondoren, herriko kaleetan eta tabernetan ibiliko dira parte hartzaileak egun osoan zehar.
Igandeko Mirandaola Egunari, aldiz, 09:00etan emango diote hasiera, Goiz Deia Txistulari Taldearen goiz deiarekin. 10:15ean Gurutze Deunaren erlikiaren itzulera egingo dute Mirandaolako elizaraino, txistulariek, dantzariek eta herritarrek lagunduta. Meza izango da Santikutz Abesbatzaren partaidetzarekin 11:00etan, eta 12:00etan olagizonei ongietorria egingo diete, ohorezko ezpata-dantza dantzatuta.
12:30ean ola martxan jarriko dute, eta 13:00etan erromeria hasiko da. Domingo Agirre eta Haztegi ikastetxeetako bertsolariek, bertso eskolako bertsolariek, Korosti eta Sustraiak dantza taldeetako dantzari txikiek, Doinua Musika Eskolako trikitilari eta panderojoleek eta Goiz Deiako txistulariek parte hartuko dute.
Lekanazpiren paella
Erromerian gorputzak berotu ostean, herri bazkaria izango da 14:00etan. Bakoitzak bere jana eraman dezake, baina Lekanazpi Elkarteak haragi paella prestatuko du, aurrez tiketak erosi dituztenentzat. Bazkalondoren haurrentzako jolasak antolatu ditu Lenburrek, 17:00ak bitarte.
Era berean, 15:30ean erromeria egongo da Elustondo anai-arrebekin. Eta eguna eta aurtengo Santikutz jaiak amaitzeko, 17:30ean herrira itzuliko dira partaideak Trapalata txarangarekin eta erraldoiekin batera. Herrira iristean kalejira egingo dute erdigunean, apirilaren 30ean hasitako jaiak agurtuz.