LED teknologiara aldatu dute zenbait kaletako argiztapena, Idiazabalen
Zepai, Bikuña eta Jose Galo Zudaire kaleetan egin du aldaketa udalak. Lanak amaituta, 168 argi puntu dira aldatu dituztenak. Guztira, 330.677 euroko inbertsioa egin du udalak.

Idiazabalgo Udalak bere web gunean argitaratu duenez, herriko hainbat kaletan argiztapen sistema LED sistemara aldatzeko lanak amaitu berri dituzte, “energia eraginkortasuna areagotzeko bidean”, azpimarratu dute.
Zepai, Bikuña eta Jose Galo Zudaire kaleetan kokatu dute sistema berria, aurretik beste zenbait kaletan egindakoari jarraipena emanez. Lanak amaituta, guztira “168 argi puntu aldatu dira 18W eta 50W arteko potentzia eta tele-kudeaketa sistema duten LED teknologiara”. Obra zibil txiki bat ere egin da zenbait erregistro arketa instalatzeko. Udalak egindako inbertsioa “330.677,35 eurokoa izan da, eta horietatik 274.469,69 euro Europar Batasunaren NextGeneration aparteko funtsaren bidez finantzatu dira, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilentzia Planaren markoaren barruan”.
Instalakuntza berriarekin “%76ko aurrezpen energetikoa” lortzea aurreikusi dute, “urtero 60.171,60kWh-tik 13.883,54kWh-ra jaitsiko baita kontsumoa. Honek urtero 9.257,16€-ko aurrezpen bat ekarriko du”, zehaztu dute.
Herriko argiteria publikoaren kontsumoa murrizteaz haratago, helburua Idiazabalek jasangarritasunaren eta energia eraginkortasunaren bidean aurrera egiten jarraitzea da, ingurumenarekin arduratsuagoa den herri bat izan dadin.