Maiatzaren 18an ospatuko dute Ataunen Kablearen Eguna
Egun osoko egitaraua prestatu dute antolatzaileek. Aurtengoan, Aiari egokitu zaio ospakizuna hartzea. Plazan eta Erroipen ospatuko dute.

Ataunen betidanik izan dira ospetsuak belar kableak; malkar arteko haranean egonda, aldapa pikoetako belardietatik belar sortak baserrietako ganbaretaraino zuzenean garraiatzeko erabiltzen zituzten. Ordutik ohiturak nabarmen aldatu diren arren, oraindik sona handia izaten jarraitzen du kableak Ataunen, eta San Isidro nekazariaren egunaren (maiatzak 15) ondoren ospatuko dute aurten Kablearen Eguna, maiatzaren 18an. Urteetan zehar, hiru auzoetan txandaka egin izan da ekitaldia, eta aurten Aiari egokitu zaio ospakizuna hartzea. Tradizioari eta herriko kulturari gorazarre egiteko egun osoko egitaraua prestatu dute antolatzaileek. Bertaratzeko gonbidapena egin diete herritarrei.
Goiza 11:00etan hasiko da herriko produktuen erakusketarekin. Barazkiak, landareak eta zizak izango dira ikusgai, eta herrian bertan landutako produktuak jartzeko aukera izango dute herritarrek. Aurten ere, barazki-postua jartzen dutenek diru-saria eta bazkarirako txartela jasoko dituzte. Eguerdi aldean, herriko artzainen gazta-dastaketa izango da, eta parte-hartzaileek aukera izango dute herriko gazta onenak dastatzeko, artzainen lanari eta bertako produktuari balioa emanda. 14:00etan, berriz, bazkari herrikoia egingo da Haitzarri elkartean.
Eskisabel, aitzindari
Festari hasiera eman bezain pronto, 11:05ean, Bixente Eskisabelen bizitzari buruzko dokumental laburra eskainiko da. Kablelari trebea izan zen Eskisabel: egurra eta belarra garraiatzeko kableak muntatzen zituen, beste inor edo ezer iritsi ezin zen parajeetatik; 14 edo 15 kilometro luzeko sistemak izaten ziren. Arriaranen edo Asteasun ere baziren Eskisabelek jarritako kableak, baita Aralarren nafar aldean ere. Horrez gain, Ataunen bertan ere gazte askori erakutsi zien langintza Eskisabelek. Horrek guztiak kablearen inguruko tradizioaren bihotzera eramango ditu ikusleak.
11:30ean, Lourdes Altuna idazleak Ataungo kableen lanari buruzko azalpenak emango ditu. Altunak kableen erabilera historikoari eta herriaren egunerokoan izan duten garrantziari buruzko ikuspegia partekatuko du, entzuleei gogoeta eginarazteko moduko xehetasunak eta pasarteak eskainita.
Erakusketa berezia
Horren ondoren, Bixente Eskisabelen bilobaren txanda izango da. Hain zuzen, 11:45ean, aireko kablearen historiari buruzko panel-erakusketa inauguratuko da, Xabier Eskisabelek gidatuta. Erakusketa horretan, besteak beste, XX. mendean baserriko eta basoko garraio lanak erraztu zituen teknologia aurrerakoian sakonduko du (hastapenak, erabilpen esparruak…). Ataungo baserrietan aireko kablea nola erabiltzen zen ere azalduko du, lanabes iraultzaile gisa; baita haren aitonaren bizitzaren ibilbidea egin ere; eta, azkenik, Erremendiako kablearen nondik norakoak azalduko ditu. Panel horiekin batera, gainera, kableen maketa bat aurkeztuko du, teknika eta historiaren uztarketaren adibide gisa.