Belaunaldi guztiak elkartu ditu Kinto Egunak
17 eta 81 urte bitarteko ia 600 lagunek, adin tarte horretan dauden herritarren ia erdiak, hartu dute parte Legorretako lehenengo Kinto Egunean.

Adin eta belaunaldi desberdinetako herritarrek elkarrekin festa egiteko eguna izan zen atzokoa Legorreta. Lehenengo Kinto Eguna, belaunaldi arteko eta elkarbizitzarako eguna izan zen. Parte hartzea itzela izan zen; 17 eta 81 urte bitarteko ia 600 lagunek [adin tarte horretan dauden herritarren ia erdiak] hartu zuten parte.
Egun osoko egitaraua izan zuten. Familia argazkia atera ondoren, bazkalaurreko poteoa hasi zuten, eta 14:30ak aldera joan ziren bazkaltzera. 400 lagun pilotalekuan elkartu ziren eta gainerakoak elkarteetan eta herriko zein inguruko jatetxeetan. Ordiziako Burrunbazale txarangak alaitu zuen giroa.