Bide berdearen XVI. eguna ospatu dute
Ibilaldi gidatua eta saio gastronomikoa egin dituzte Clara Gutierrez biologo eta etnobiologoak lagunduta.

Mutiloa eta Ormaiztegi arteko Bide Berdearen eguna ospatu dute hamaseigarren aldiz. Aurten ere, Bide berdetik mahaira izenburupean jardunaldia antolatu du Ormaiztegiko Zumalakarregi museoak Goitur eta Ormaiztegiko eta Mutiloako udalekin elkarlanean. Clara Gutierrez biologo eta etnobiologoak lagunduta, 9:30ean ibilaldi gidatua egiteko elkartu dira hogeitik gora pertsona, Liernin. Ibilbide zirkularra osatu dute Barnaola, Troi Bidea eta Mutiloatik igarota, berriz Liernin amaitzeko. Ibilbidean zehar sukaldaritzan erabiltzeko landareak eta loreak identifikatu eta bildu dituzte Gutierrezen gidaritzapean, haien ezaugarriak eta propietateak ezagutuz.
Ondoren, saio gastronomikoa egiteko geldialdia egin dute, Mutiloako Txerri Gorri elkartean. Jasotako lore eta landareekin plater ezberdinak egin dituzte, bertaratutakoen artean dastatzeko. Hau izan da prestatu duten menua: Llanteneko pate tradizionala, arbendol eta perretxiko patea pinpinela eta basa-baratxuriekin eta bideko landareekin egindako tenpurak, hasteko. Ondoren, bide berdeko basaranekin egindako salda, patatak malba eta asunekin, espaloi eta hegaluzearekin egindako tarta eta bide berdeko basaranekin egindako askotariko enpanadak eta hostopilak eta sahats fruituarekin egindako postre sorpresa, amaitzeko.





























