Mirandaola Egunarekin agurtu dituzte Santikutz jaiak Legazpin
12:00etan olagizonei ongietorria egin diete, ohorezko ezpata-dantza dantzatuta. Ondoren, 12:30ean, ola martxan jarri dute, eta 13:00etan erromeriaren txanda izan da.

Mirandaola Egunarekin amaiera eman diote legazpiarrek Santikutz jaiei. Goizean goiz hasi dute festa herrian: 09:00etan Goiz Deia Txistulari Taldeak goiz deia egin du kalean zehar. 10:15ean Gurutze Deunaren erlikiaren itzulera egin dute txistulariek, dantzariek eta herritarrek, Mirandaolako elizaraino. 11:00etan meza izan da Santikutz Abesbatzaren partaidetzarekin.
Eguneko ekintza nagusiak 12:00etan eta 12:30ean izan dira. Lehenik olagizonei ongietorria egin diete, ohorezko ezpata-dantza dantzatuta eta ondoren, 12:30ean, ola martxan jarri dute. 13:00etan, berriz, erromeriaren txanda izan da. Domingo Agirre eta Haztegi ikastetxeetako bertsolariek, bertso eskolako bertsolariek, Korosti eta Sustraiak dantza taldeetako dantzari txikiek, Doinua Musika Eskolako trikitilari eta panderojoleek eta Goiz Deiako txistulariek parte hartu dute.
Arratsaldeko plana
Arratsaldean ere jarraipena izan du festak. 14:00etan herri bazkaria egin dute, eta segidan, haurrentzako jolasak antolatu ditu Lenburrek, 17:00ak bitarte. Era berean, 15:30ean erromeria egon da Elustondo anai-arrebekin. Azkenik, eguna eta aurtengo Santikutz jaiak amaitzeko, 17:30ean herrira itzuli dira partaideak Trapalata txarangarekin eta erraldoiekin batera. Herrira iristean kalejira egin dute erdigunean, horrela, festei amaiera emanez.


























