Etxeratze bidean, puzzlea osatu arte
Sare Herritarrak taldeak eskualdeko ekitaldia egingo du igandean, Ordizian. Idoia Mendizabal Mujika preso ordiziarraren egoera salatuko dute. Herri bazkarirako txartelak salgai daude.

Euskal presoen etxeratze prozesuaren puzzlea osatzea exijituko du asteburuan Sare Herritarrak plataformak bi eguneko ekitaldi baten bidez. Larunbatean Lesakan (Nafarroa) hasi eta igandean Iruñean bukatuko da, hainbat herritan geldialdiak eginez; tartean, Ordizian.
Egun osoko egitaraua antolatu dute Ordizian, 12:30etik aurrera. Itsasondo, Lazkao eta Beasaindik zutabeetan joango dira oinez Ordiziara. Hiru herri horietako plazetan 11:30ean jarri dituzte hitzorduak.
Sare Herritarra taldearen esanetan, gero eta gehiago dira «espetxe ibilbidean aurrera egin eta zigorra erregimen irekian» betetzen ari diren euskal presoak, 100.2 artikuluaren edo hirugarrengo graduaren bitartez. Baina, PPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 58 preso, erdiak inguru, erregimen itxian daudela diote. Hain zuzen ere, azken horien errealitatea hizpidera ekarri nahi dute asteburuan eta auzia puzzle baten moduan irudikatuta, hura osatzeko falta diren piezak jartzeko eskatuko du Sarek hainbat herritan.
Idoia Mendizabal ordiziarra
Azkeneko preso talde horretan Idoia Mendizabal ordiziarra dago. 20 urte daramatza kartzelan; gaur egun Zaballako (Araba) kartzelan dago. Sarekoen arabera, «legeak hala aitortzen duelako», Mendizabal ordiziarrak «aspalditik hirugarren graduan egon beharko luke, baina ez da horrela. Kalera ateratzeko bi baimen izan ditu Idoiak, baina horretan gelditzen da. Orain berriz uztailera arte zain egon beharko du beste baimen bat lortu arte».
Egitaraua
Igandean Ordiziako Plaza Nagusian elkartuko dira 12:30ean, Itsasondotik, Lazkaotik eta Beasaindik joandakoei harrera eginez. Poteo musika egin ondoren, herri bazkaria egingo dute plazan, 14:30etik aurrera. Txartelak salgai daude (langileek 15 euro, gainerakoek 10) Herrikoa eta Orlegi tabernetan.
Egunarekin amaitzeko, bazkalondoren, DJ-ak eta 17:30ean, ekitaldia izango dira