Naza Egunean murgiltzeko prest dira ataundarrak
Larunbatean ospatuko dute Naza Eguna, egun osoko jai-egitarauarekin. Kirol jarduerak, erakusketa, musika eta dantza izango dira ardatz nagusiak. Herri kiroletan izena emateko aukera zabalik dago oraindik.

Ataundarrak dagoeneko murgildu dira Naza Egunaren prestaketa lanetan, eta gogotsu dira aurtengo egunari hasiera eman eta egun osoko festaz gozatzeko. Naza K.E. Ataungo ezkerreko eragile abertzaleak biltzen dituen eta haiei lokal eta «egiturazko babeserako espazioa» eskaintzen dien elkartea da. Zaintza, kultura eta herri ekimena uztartuta, Josu Dorronsorok azaldu du «independentzia, feminismoa eta auzolana» direla haien jardunaren oinarriak.
Kultur Elkarte honen sorrera, baina, Dorronsororen arabera «ez da kasualitate hutsa» izan, baizik eta behar zehatz batzuei emandako «erantzun kolektiboa»: «Identifikatutako behar batzuetatik eta eragile desberdinen arteko elkarlanetik sortu den taldea izan da». Herriko hainbat eragilek espazio komun baten premia sumatu zuten, elkartzeko, antolatzeko eta komunitatea indartzeko gune baten faltan; horri aurre egiteko erabaki zuten denen artean Zaindegi etxeko lokala erostea. Horregatik dio «bide naturalari jarraiki» eratu dutela elkartea.
Egun osoko festa
Goizeko hamaiketan abiatuko da festa San Martingo plazan, herri kirol erronka batekin. Seiko taldeak arituko dira eta lokotx bilketan, tokan, txingetan, giza proban, zaku lasterketan eta soka-tiran jardun beharko dira parte hartzaileak. Dorronsorok azpimarratu du parte hartu nahi duten gazteak, oraindik «garaiz» dabiltzala izena emateko, izen-emate orriak Troskaetan, Urbietan edo Sutegin eskuratuta. Bukatu bezain pronto, trikipoteoari emango diote hasiera, auzoko giroa alaitzeko. Goizean zehar, gainera, herritarrek elkartearen lokala bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute; erakusketa bat egongo da ikusgai, eta ateak zabalik izango dira interesa dutenak hurbildu daitezen.
Eguerdian, 14:30ean, bazkaria izango da Kalustran, eta ondoren errifen zozketa eta bingo musikatua egingo dira, jai giroari eutsita. Arratsaldea borobiltzeko, karro poteoa egingo da auzoko kaleetan barrena. Hortaz, «herritarren parte-hartzea eta auzolana» ospatuko dute larunbatean, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte modu batera edo bestera parte hartzera.
Festaz harago
Dorronsorok nabarmendu duenez, Naza Kultur Elkartearen jarduna ez da egun bakarreko ospakizun honetan agortuko. Aurrera begira, elkarlanean herriari bultzada ematen jarraitzeko asmoa dute, «ikuspegi kolektibo batetik Atauni zor zaiona itzultzeko» konpromisoari eutsita: «Etorkizuneko Ataun askeago, feministago eta bizigarriago bat eraikitzeko bidean, eragileon arteko elkarlan are estuago bat sustatzen jarraituko dugu».