Foruen pasealekua eta Gudarien Etorbidea asteburuan oinezkoentzat
Maiatzaren 16an jarriko da neurri berria indarrean. Itxita egongo da ibilgailuentzat, arrisku egoerak ekiditeko.

Maiatzaren 16tik aurrera Ordiziako Foruen pasealekua eta Gudarien Etorbidea oinezko gune bihurtuko dira asteburuetan, eta itxita egongo da ibilgailuentzat, arrisku egoerak ekiditeko. Adur Ezenarro alkatearen esanetan, «Aspalditik lanean gabiltza aukera hau eskaintzeko ordiziar guztioi. Helburu nagusia Ordizia herri atseginago eta erosoagoa bilakatzea da, haur eta helduen beharretara egokituta, eta oinezkoei lehentasuna emanez».
Honela, Ordizia Hotel paretik hasi eta Foruen Pasealekua (Beti Alai pilotaleku parea), eta Gudarien Etorbidearen zati bat (Jose Miguel Barandiaran Plaza parea barne) oinezkoentzako bihurtuko dira, ostiraletan 16:00etatik 24:00ak arte, eta larunbat eta igandetan 11:00etatik 24:00ak arte. Ordutegi horretan baimenduak dauden ibilgailuak bakarrik sartuko ahalko dira eremuan, eta alde zaharrean bezala, kamera bidez egingo da matrikulen kontrola.