Oiangualdeko proiektuaz herri batzarra deitu du Ordiziako Udalak
Maiatzaren 19an, astelehenean, udaletxeko batzar aretoan izango da, 18:30ean.

Ordiziako Udalak herri batzar irekia egingo du maiatzaren 19an, 18:30ean, udaletxeko batzar aretoan, Oiangualde eremuko plan partzialaren aldaketak ekarri duen “arrabotsaren” inguruan, herritarrei informazioa eta azalpenak “sakonki” emateko helburuarekin. Adur Ezenarro alkatearen esanetan, “nondik gatozen, gaur egun non kokatzen garen eta aldaketa honek ere zer suposatzen duen” azalduko ditu.
Ezenarrok aurreratu duenez, “batetik, garrantzitsua da argitzea, Oiangualde eremua ez dela Oiangu. Oiangu goiko aldean kokatzen den eremua da, publikoa eta landa eremua, ez urbanizagarria, %100 udalarena dena. Baina hemen hitz egiten ari dena da, Goierri Eskola, La Granja… alde horretaz ari gara, pribatua den eremu batez, urbanizagarria dena eta aldatzeko izapide guztiak eginda dituena”.
Bestetik, gogoratu du, izapide horiek 1998an hasi zirela, “orain dela 25 urte baino gehiago, eta aurrera egin duen eremu bat dela. Oraintxe planteatzen dena da, eremu horretan onartuta zeuden etxebizitza horien gainean aldaketa bat egitea. Ikusiko da aldaketa onartzen den ala ez, baina erabakia ez da etxebizitzak egitea ala ez egitea, baizik eta onartuta dagoen horren gainean aldaketa bat egitea”. Hau da, Aburuza enpresak 54 (bifamiliarrak) edo 82 (adosatuak) eraikitzea.
2017an “atzera egiteko” azterketak egin zirela dio nabarmendu du Ezenarrok, baina “ezinezkoa da gure gainetik dagoen lurralde antolamenduaren kontrakoak direlako”. Izan ere, “guk, nahita ere, ezingo genuke hori aldatu, ezingo genuke Oiangu bezala, Oiangualdea ere landa eremu edo ez urbanizagarri izatera pasatu. Oraintxe indarrean dagoen Goierri Beasain-Zumarraga eremu funtzionala deitzen den eremurako, Jaurlaritzaren lurralde antolamenduko plan partzialak ezartzen du BOL deitzen den Beasain-Ordizia-Lazkao eremu horretan, justu orain hitz egiten ari garen eremu horretan, sustatu beharko genituzkeela eremu mistoak, hau da, industria edo etxebizitzak”.
Azkenik, gaur egun Aburuzarena den eremua udalak berreskuratzeko aukeraren aurrean ondorengoa azaldu du: “Hor zabaltzen diren beste deribadek, ekarri ditzaketen kalte-ordainen tamainak eta kopuruak ere oso bidera ezina egiten dute onartuta dagoen horretan atzera egitea”.