145.142 sinadura eramatera
Euskal Herriko hainbat pentsioduenekin batera, Goierriko pentsiodunak Gasteizera joan dira gaur, Eusko Legebiltzarrera lau hilabetean bildautako 145.142 sinadurak (Goierrin, 3.221) eramatera.

Urtarriletik sinadurak biltzen aritu dira pentsiodunak herriz herri, Gasteizko Legebiltzarrak gutxieneko pentsioa Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzeko neurriak har ditzan eskatzeko.
Guztira 145.142 sinadura bildu dituzte (Goierrin 3.221 sinadura) eta gaur eramatera joan dira.
Prentsaurrekoan adierazi dutenez, “lau hilabete igaro dira Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPMk) 60 urtetik gorako pentsiodunen Gizarte Segurantzaren pentsio eskasak, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 100eraino osatzeko Herri Ekimen Legegilearen bigarren faseari ekin genionetik. Eta gaur iragarri dezakegu erabateko arrakastaz gainditu dugula bigarren fase hau, eta emaitza ikusgarria lortu dugula”.
Gaur, “Euskal Herri osotik etorritako milaka pentsiodunen babesarekin, EAEko Hauteskunde Batzordeari transferitu diogu 145.142 pertsonari dagozkien datu pertsonalen zaintza. Pertsona horiek babestu dute Herri Ekimen Legegilea, EAEn 100.000 pentsioduni mesede egin diezaiekeena. Horietatik 65.000 baino gehiago emakumeak dira”.
Orain, “beharrezko sinadurak baliozkotu ondoren”, Eusko Jaurlaritzak txosten bat egin beharko du, eta, “horregatik, Lendakari Pradalesekin bildu nahi dugu. Hilabeteak daramatzagu elkarrizketa eske”.
Gaineratu dutenez, “Autonomia Estatutuak pentsioak osatzeko eskumen osoa aitortzen badu, Zerbitzu Juridikoek eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiak urriaren 30ean ziurtatu zuten bezala, ez genuke ulertuko Eusko Jaurlaritzak ezezko txostena egitea eskumen hori egikaritzea eragozteko eta Pentsioak osatzeko Euskal Sistema bat sortzeko”. Era berean, “Legebiltzarreko talde guztiei ere zuzenduko gara, argi eta garbi eta zalantzarik gabe adieraz dezaten ekimen hau lege-proiektu gisa izapidetu ahal izatearen alde edo aurka bozkatuko duten”.
Azkenik, Herri-ekimen honen “hedapenak eta harrerak” aurrekaririk ez dutela esan dute. “Oso itxaropen handia sortu du euskal gizartearen sektore zabaletan, miseriazko pentsioak handitzeko beharrari erantzuten diolako”.
Honela, EHPMk “konpromisoa hartzen du borrokan eta informatzen jarraitzeko, proposamen hau izapidetzeko onar dadin. Hau da, Konstituzioan eta Autonomia Estatutuan aitortutako oinarrizko eskubidea den ekimena positiboki aitortzea eta izapidetzeko onartzea”.