ALBISTEA. Sekula amaitzen ez den Euskararen aldia hasi da
Euskaraldiaren hasierako ekitaldiak egin dituzte hainbat herritan, 'Elkar mugituz egingo dugu' lemapean. Testu bateratua irakurri dute.

IV. Euskaraldia hasi da Elkar mugituz egingo dugu lelopean, herrietan egin diren hasierako ekitaldietan.
Testu bateratua irakurri dute herriz herri. Honela dio testuak:
“Aldi batzuk amaitzen direnean kontatzen dira.
Beste batzuk kontatzen direnean amaitzen dira.
Gaur hasten dugun 11 egunetako aldiak ez du amaierarik:
erabileraren aroa ez da sekula amaitzen. Euskararen aldia
egunez egun ekinez transmititzen da etorkizunera.
Euskaraldia da pasioa eta abentura.
Ahalegina eta poza.
Grina, kemena eta erronka.
Urrundik gatoz eta asko egin dugu. Orain eta hemen, gehiago
egiteko prest gaude: euskararen biziberritzeak mugimendua
behar du. Eta gu, elkar mugitzera goaz.
Asko gara. Herriz herri batzordeetan antolatutako milaka eta
mila herritar eta boluntario konprometitu, lanerako prest,
gogotsu. Hiztun komunitate trinko bat. Gutako bakoitza, bat
gehiago eta are indartsuago, sendoago.
Hitzez ekiteko garaia da. Eta guk, eragitea dugu helburu:
lehenengo pertsontik eta pluralean. Elkar zainduz, batera
bultzatuz, konplexurik gabe: lotsagabe, tinko eta adeitsu.
Komunitatea dugu ikur, auzolana lanabes. Eta gure txikian,
handia egingo dugu beste behin ere, euskararen mundu oso bat
kabitzen den bezala, euskaldunok ere munduan leku bat
dugulako, bagara eta nor munduan. Beste inon ez da
Euskaraldia bezalako ariketa sozial masiborik egin.
Inertziak irauli eta hitza partekatuz, hizkuntzari hauspoa
emateko garaia da, ilusioa banatuz,
erabileran jauzia ematekoa;
Euskal Herrian euskaraz eroso bizitza dugu asmo eta.
Hau ez da txapa sinple bat.
Txapa honek superbotereak ematen dizkizu. Adorea ematen dizu,
entzumena ernetzen dizu eta aldamenekoa eta zu babesten
zaituzte. Txapa hau, hizkuntza bezala, magikoa da: ilusioa
pizten du, aldartea poztu eta komunitatea puztu. Txapa da,
hitza bezala, askotariko jendea konektatzeko giltza.
Euskarak Euskaraldia behar du.
Euskaraldiak, hiztunak.
Eta hiztunek, mintzakidea.
Txapa soinean eta hitza ezpainetan, euskaradunon aldia
hasten da gaur. Totelka edo arrapaladan, ahots handi edo
mehez, ozein zein xuxurlaka, goxatu belarriak eta astindu
mihiak, hitzez ekinez distantziak txikitu eta euskararen lurraldea
handitzera goaz eta.
Pausoz pauso, jarri gaitezen martxan, irmotasunez, mugiaraziz
geldirik daudenak.
Hiztunak batuz, eman euskarari arnasa. Mintzakideak elkartuz,
eman elkarri babesa. Batera eraginez, erabilera handituko
dugu. Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan.
Jantzi txapa, beraz, eta…
gora euskara, gora euskaraduna eta
gora Euskaraldia!”

Ordiziako hasiera ekitaldia. Argazkia: Loinaz Agirre.

Arama.

Altzaga.