Euskal Trabestien Showa izango da bihar Ordiziako Plaza Nagusian
Xarma Leone ordiziarrarekin batera, Albina Stardustek eta Divina Comediak hartuko dute parte.

Udaberria Transloratzen, Ordizia Transformatzen zikloaren barruan, eta LGTBIQ+ Fobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Euskal Trabestien Showa izango da bihar, 19:00etan, Ordiziako Plaza Nagusian. Xarma Leone ordiziarrarekin batera, Albina Stardustek eta Divina Comediak hartuko dute parte.
Xarma Leonek aurreratu duenez, hirugarren aldi honetan, ikuskizunari «buelta bat» ematea erabaki dute. «Aurrekoetako showak astean zehar izan ziren eta aurten larunbata da, eta jendea zerbait hartzen egongo da. Beraz, aurten buelta eman eta publikoak gehiago parte hartzea nahi dugu».
Festa eta aldarrikapena
Festa bai, baina aldarrikapena ere bai. «Betiere ahaztu gabe ze egun den maiatzaren 17a, LGTBIQ+ Fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Dantza egingo dugu baina beti errebindikazioarekin eta nor garen ahaztu gabe. Oso polita da festa, dantza eta ondo pasatzea baina gure borroka ere badaukagu», nabarmendu du Xarma Leonek.
Ordizian «beti haur asko» izaten direla kontuan hartu dute: «Beraientzat ere festa antolatu dugu, beraiek gehiago parte hartzeko. Denak batera dantza egiteko eta abesteko».
Azkenik, trabesti bakoitzak bere abesti bana eskainiko du: «Gure lana aurkezteko eta promozionatzeko»