Museoen garrantziaz sentiberatzeko
Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute igandean Goierriko museoek. Izaera desberdineko jarduerak antolatu dituzte museoetara gerturatzeko.

Museoen Nazioarteko Eguna maiatzaren 18an ospatzen da duela 40 urtetik, herritarrak museoek duten garrantziaz jabetu daitezen. Aurten ere, igandean izango den Museoen Nazioarteko Egunarekin bat egin dute Goierriko museoek, goierritarrak bertara gerturatu eta bertatik bertarako ondarea ezagutzeko helburuarekin.
Legazpiko Txillida Lantokian, Espazioarekin jolasean: asko esaten duten hutsuneak tailerra antolatu dute igandean, 11:00etan. Artearen ikuspegi bat ezagutzeko tailerra dela aurreratu dute. «Material sinpleak eta forma oinarrizkoak erabiliz, betetasunarekin, hutsunearekin eta mugimenduarekin jolasten duten konposizioak sortuko dituzte. Helburua da ulertzea Txillidak espazioa nola ikusten zuen, ikusteko zerbait bezala ez ezik, sentitzeko zerbait bezala ere bai. Gainera, artistaren bitxikeria eta mania dibertigarri batzuk ezagutuko ditugu, haren lan egiteko modua hobeto ulertzeko». Izena eman behar da aurrez: mirandaola@lenbur.com / 943 73 04 28.
XIX. mendeko zinea
Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan, berriz, XIX. mendeko zinea ezagutzeko aukera izango da. Iruditik zinematografiara familia tailerra antolatu dute bihar, 16:30ean. Zumalakarregi museoko arduradunen esanetan, «XIX. mendeko sorkuntzak ezagutzeko aukera izango da irudiaren, mugimenduaren eta ilusio optikoen mundura murgilduz, lehen filmak nolakoak izan ziren ezagutzeko. Egungo ikus-entzunezkoak erabat desberdinak izan arren, Zumalakarregi museoak makina horien sorrera eta hasieratik izan duten ibilbidea ezagutzeko beharra azpimarratzen du».
Sarrera doakoa da baina aurrez izen eman beharra dago: mzumalakarregi@gipuzkoa.eus / 659 434 566.
Ate irekiak
Ezkioko Igartubeiti baserrian, Ordizian D’Elikatuzen (10:00-14:00), Urretxuko Urrelurren, Segurako Ardixarran eta Idiazabalgo Gaztaren Intepretazio zentroan (11:00-14:00) ere ateak irekiko dituzte.
Ataungo, Beasaingo, Zegamako eta Zeraingo museoek Errota Eguneko jarduerak antolatu dituzte museoen egunean.