Beasaingo jaiei hasiera emateko atzera kontaketa hasi da
Maiatzaren 30ean emango diete hasiera Beasaingo Loinatz jaiei. Egitarau oparoa izango da adin tarte eta gustu guztiak asetzeko. Jaietako kartel lehiaketaren sariak banatu dituzte jaien aurkezpen ekitaldian.

Beasaingo Loinatz jaiak hasteko atzera kontaketa hasi da. Datorren maiatzaren 30ean lehertuko da festa, Mariren jaitsierarekin. 10:30ean izango da. Baina hori baino lehen, Murumendi eskolako bosgarren mailako ikasleek jaurtiko dute suziria, arratsaldean. 10 egunez eta bi asteburuz ospatuko dituzte jaiak, ohiko moduan.
Udaletxeko batzar areto nagusian aurkeztu dute gaur Loinatz jaiak 2025 egitaraua, Leire Artola herriko alkateak eta Amaia Gomez de Segura kultura teknikariak. Ekitaldi hau baliatu zuten, aurtengo kartel lehiaketen irabazleak zeintzuk izan diren plazaratzeko eta irabazle izanagatik haiei sariak emateko. Nagusien lehiaketan, Luis Angel Argote Martin gasteiztarra izan da irabazlea. Mariren jaitsiera islatu du Argotek. Sorginak suaren bueltan txistularien erritmora dantzan dauden bitartean, Mari jainkosa ageri da su artetik, buruhandiak bihurrikeriatan ari diren bitartean. Lehiaketa honetan aurrez ere parte hartutakoa da gasteiztarra, eta «pozik» agertu da herritarren babesa jaso izanagatik. Kontatu zuenez, «dokumentazio lan handia» egin behar izan du jaien irudia dena prestatzeko, eta zalantzarik gabe «jaien ikurra den Mariren jaitsiera» nabarmendu nahi izan du.
Gaztetxoen lehiaketan, Nahia Altuna Gonzalez izan da irabazlea. Eskuz marraztu eta margotutako diseinua aurkeztu zuen Nahiak. Loinatz jaietako ekitaldi nagusienak islatu nahi izan ditu, hala nola, Mariren jaitsiera, soka-dantza, edota buruhandiak eta erraldoiak.
Egitarau oparoa
Aurtengoan ere, ez dira faltako adin tarte eta gustu guztientzako ekitaldiak. Tradizioa eta berritasunak uztartuko ditu eskaintzak.
Mariren jaitsiera, jaietako ekitaldi ikusgarriena eta ikusiena dena, aurten ere interneteko plataformen bidez zuzenean ikusi ahal izango da, une horretan plazan egon ezin izango direnengana gerturatuz. Hala, Udalaren Youtube kanalaren bidez ikusi ahal izango da. Iazkoak 4.000 ikustaldi baino gehiago izan zituen. Herrian dauden pantaila erraldoietan ere egingo da emankizuna.
Berritasunen artean, dron ikuskizuna aipatu zuten prentsaurrekoan. Lehenengo asteburuko su artifizialen ordez egingo dute. Dron ikuskizun hau, gauez zeruan LED argiekin hornitutako 120 dronen erakustaldi artistikoa da, musika eta soinu efektuen erritmoan sinkronizatuta hegan egiten dutenak, horrela, ikus-entzunezko esperientzia deigarri bihurtuz. Ohiko lekuan eskainiko da ikuskizun hau, eta publikoaren kokapenari dagokionez, betiko tokian jartzea gomendatu zuten.
Kontzertuak
Jaiak eta musika, eskutik doaz, beti, eta aurtengorako kontzertu eskaintza potentea antolatu dute. Euskal Herri mailan eta kanpoan ere sona handia duten bi talde izango dira jaien bigarren asteburuan; Zea Mays, ekainaren 6an ostirala, eta Süne, ekainaren 7an larunbata. Horiez gain, Muxutruk erromeria taldea, eta beste batzuk ere izango dira.
Haurren danborrada
Haurrek eta gaztetxoek protagonismo berezia izango dute aurtengo jaietan ere. Gaztetxoak izango dira jaien hasierako suziria jaurtiko dutenak, baina gainera haiei zuzendutako ekintza ugari izango dira. Horien artean danborrada izan ohi da garrantzitsuenetako bat, eta aurtengoan, gainera aldaketa batekin dator, izan ere, ordutegia aldatu egin dute eta eguerdian izango da.