Berandu, baina iritsi da azkenik patata
Urteko lehen aleak jarri dituzte salgai gaur Antxoni Murgiondok, Arantxa Lopetegik eta Miren Jauregik. Erremolatxa horia izan da eguneko beste berritasuna, fruta saltzaileen artera iritsi den paraguaioarekin batera.

Aurtengo udaberria euritsua eta freskoa doa, eta horrek eragina izan du Ordiziako azoka hornitzen duten baratza eta soroetan, produktu batzuk beste urte batzuetan baino beranduago edo eskasago iristen ari direlako Plaza Nagusiko mahaietara. Patata da horietako bat, baina azkenik, iritsi da. Gaur jarri dituzte salgai urteko lehen aleak Gabiriako Antxoni Murgiondok, Altzagako Arantxa Lopetegik eta Aramako Miren Jauregik. Patata berriaren kiloak 2 eta 2,5 euro arteko prezioa egin du.
Lur azpitik datorren produktua da patata, eta lur azpian hazten da baita ere gaurko egunak eman duen beste berritasuna, erremolatxa. Gorria aspalditik zegoen aukeran ferian, baina horia lehen aldiz ikusi da gaur goizean Bidania-Goiatzeko Natalia Magallanesen postuan. Gorriaren antzeko zaporea duela azaldu du ekoizle ekologiko honek, eta egosita zein gordinik jan daitekeela esan du, «baita hostoak ere, azelgak bezala prestatuta». Sortatan zituen salgai, 2,5 euroan sorta bakoitza.
Ziza ugari gaur ere
Perretxikoen atalean, berriz, ziza eskaintza handia izan da aipagarriena gaur. Plaza barrukoak eta plaza kanpoan Garbiñe Barandiaranen, Felix Barcinaren eta M1kel Lasaren postuetan eskainitako guztia batuta, 320 kilo izan da emaitza. Kiloa 20 eta 33 euro artean izan da salgai gaur.
Bestela, 40 kilo onddo (23-38 euro), 15 kilo ziza hori (19-26 euro) eta boilurrak (100-165 euro) ere eskaini dituzte.
Barraskiloak ere izan dira aukeran, Barcinaren postuan, kiloa 10 euroan.
Loreak eta landareak
Loreak ere ugari daude aste hauetan Ordizian. Moztuen artean, kala zuriaz gain, peonia eta krabelin txinatarra aipatu behar dira. Kalak Aramakoak ziren gaurkoan, Miren Jauregirenak eta Zurutuza ahizpenak, eta beste bi loreak, berriz, Zurutuzatarrenak solik. Lora horien sorta 5 euroan zuten salgaio bi postuetan.
Lore bizien artean, Azanzak ere bazituen krabelin txinatarrak, landare bakoitza 2,5 euroan, eta postu horretan berria izan da, baita ere, Cosmos motako margarita (3,5 euro).
Baratzerako landareen postuetan, berriz, erosleen ilara luzeak ikusi dira goiz osoan. Aste honetan egin dituen euri zaparradek ez dituzte kikildu nonbait, eta datozen egunetarako egin dituzten iragarpen onek animatu egin dituzte landareak erostera.
Paraguaioak ere iritsi dira
Fruta saltzaileen postuetan ere izan dira berritasunak, urteko lehen paraguaioak iritsi direlako. Kiloa 5,95 eta 6,95 euro artean jarri ditu salgai.
Bestetik, sandiaren eta meloiaren denboraldia hasi dela ere esan daiteke. Sandiaren kiloa 2,5 eta 2,95 euro artean zegoen goizean, eta meloiarena 2,95 eta 3,95 euro artean.
Bisitak
Bisiten atalean, bi talde aipatu behar dira, biak D’Elikatuz zentroko gidarien laguntzarekin Ordiziako azoka ezagutzera iritsitakoak. Batetik, Donostiako Basque Culinary Centerreko 21 ikasle mexikar izan ziren herrian, eta bestetik, Bilboko Gure Kabi elkarteko 55 inguru jubilatu.

Arantxa Lopetegik ere bazuen patata berria.

Natalia Magallanes, erremolatxa horia eskuetan duela

Paraguaioak, Rueda fruta saltzaileen postuan