Emakumezkoen Ordiziako Klasikoa larunbatean da
Kadete, junior, 23 urtez azpiko eta elite mailako 260 txirrindularik hartuko dute parte. Gipuzkoako Itzuliaren bigarren etapa izango da Ordiziakoa. Gipuzkoako txapeldunak ere Ordizian erabakiko dira.

IV. Emakumeen Ordiziako Klasikoa jokatuko da larunbatean. Gipuzkoako Itzuliaren hiru etapetako bat izango da zehazki Ordiziakoa. Itzulia ostiralean hasiko da Urnietan bakarkako 1,8 kilometroko erlojupekoaren saioarekin eta igandean Elgoibarren bukatu. Kadete, junior, eta 23 urtez azpiko eta elite mailako 28 taldetako 260 txirrindularik hartuko dute parte.
Bi lasterketa
Kadeteen lasterketa 09:00etan abiatuko da Jose Migel Barandiaran plaza paretik. 33,4 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute Ordizia-Alegia-Abaltzisketa gaina (3. maila)-Gaintza-Ordizia artean. Abraham Olano txirrindulari ohiak aurkezpenean azaldu duenez, gizonezkoen Ordiziako Klasikoan aurten egingo duten bezala, Larraiztik beherakoan, Gaintzatik barrena jaitsiko dira Ordiziara. “Jaitsiera pixka bat teknikoagoa da, abilezia pixka bat duenari bere jokoa emango dio”. Lehen txirrindulariak 10:00etara iristea aurreikusten da. Helmuga ere, Barandiaran plazaren parean izango da.
Bigarren lasterketa 10:30ean hasiko da eta 92 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. “Ordiziatik atera, Alegiara joan eta berriro Ordiziara etorriko dira. Ondoren, bi itzuli egin beharko dituzte Ordizia-Alegia-Abaltzisketa gaina (3. maila)-Gaintza-Ordizia artean, Abaltzisketa bi aldiz igota”. Lasterketa 13:00etarako amaitzea aurreikusten da eta ondoren sari banaketa ekitaldia egingo da.
Itzuliak Irizar Sari Nagusia izango du, Irizar-ek babestuko d mailot horia; Itzuliaren beste babesleak; Laboral Kutxa, Orbea, Insalus, Garaje Tolosa eta Oria Sport Wear. Ordiziako irabazleak Gipuzkoako txapeldunak izendatuko dituzte.
Bestetik, Gipuzkoako txapelketa ere izango da Ordiziako Klasikoa, eta hiru mailatako Gipuzkoako txapeldunak erabakiko dira.
Eskertza
Ordiziako udaletxeko batzar aretoan gaur eguerdian egin den aurkezpenean Adur Ezenarro alkateak adierazi duenez, “plazer bat da laugarren urtez emakumezkoen Ordiziako Klasikoa aurkeztea. Duela urte batzuk hartutako erabakia da, txirrindularitzarekin bai, baina emakumezkoen txirrindularitza hauspotzeko konpromisoa, Ordiziako Klasikoa emakumeen esparrura ere zabalduta. Harro gaude konpromiso honekin jarraitzeaz”.
Era berean, “aitortza eta eskertza” egin nahi izan die “horrelako probak aurrera ateratzeko lanean zabiltzaten guztioi, lan izugarria delako”. Txapel Gorri elkarteari esker bereziak eman dizkio.
Goizane Alvarez diputatuak ere, “eskerrak eta zorionak” eman dizkie antolatzaileei laugarren edizioagatik. Gainera, Alvarezentzat “garrantzitsua” da Ordiziako Klasikoaren izenpean sartzea proba hau, “kalitatezko aterki bat eta nazioarte mailan erreferente bat den marka baten barruan sartzen dugulako. Eta horrek izugarrizko izena eta prestigioa ematen dio”.