Gaztetxeko oholtza, herriko artista gazteen eskura larunbatean
Legazpiko Gazte Asanbladak Gazteoholtzako Eguna antolatu du. Musika ardatz dutela, hainbat artista txiki igoko dira oholtzara 23:00etatik aurrera.

GazteOholtzako Eguna ospatuko dute bihar, larunbata, Gaztetxean. Legazpiko Gazte Asanbladak herriko gazteei Gaztetxeko oholtza eskaini die, adierazpen artistikoak plazaratzeko. Arratsaldean hasi eta gauera arteko festa izango da.
Ikasturteari amaiera emateko eguna izango da, jaialdi berezia. «Zerbait desberdina egin nahi genuen», dio Asanbladako kide den Igor Baigorrik. Izenetik abiatuta gainera: «Gazte oholtza, Gaztetxeko oholtza, gazteontzako eguna… hitz joko hori egin dugu. Herriko jendea eta herriko artistak erakarri nahi genituen gurera».
Jaialdi berezi hori osatzeko, bideo bat kaleratu zuten artisten bila, eta izena emateko epearen barruan, lortu zituzten oholtzara igotzeko prest zeudenak. Musika ardatz hartuta, hiru-lau artistak egingo dituzte saioak biharko oholtza libre horretan, «eta sorpresa bat ere izango da gainera!».
Musika ardatz, hiru saio
Lehenengo edizioa da aurtengoa, eta oraindik ospatu ez bada ere, antolatzaileak egun horretatik harago begira jarrita daude dagoeneko. «Datozen urteetan errepikatu daitekeen dinamika izatea nahi dugulako».
Gaztetxea 20:00ak inguruan irekiko dute, eta kontzertuak afaldu ostean izango dira, 23:00etan hasita. Afaririk ez da emango Gaztetxean, baina kanpotik eramanda bertan afaltzeko aukera izango da. Lehen emanaldia akustikoa izango da batez ere, kantua, gitarra, pianoa… elkartuko dituena. Bigarren saioa «proposamen ausartagoa» izango da, eta amaitzeko, konbo handi batean bilduta, kontzertua egingo dute hainbat musikarik, dantza egiteko musika eginez. Festa giroarekin jarraitzeko eta gaua ixteko, «emanaldi sorpresa» izango da.
Gazte Asanblada, indartsu
Gaurko Legazpiko Gazte Asanblada «indartsu» dagoela dio Baigorrik, eta horren adibide da ikasturte hasieratik izan duen dinamika, ekintza eta jarduera ugari antolatu eta burutu dituztelako. Hurrengo ikasturteari begira ere jarrita daude, eta taldera jende berria erakartzeko lanetan ari dira. Igande arratsaldetan elkartzen dira, ia astero, eta bilera irekiak egiten dituzte, guztien proposamenak jasotzeko, «Gaztetxea ez delako Gazte Asanbladarena bakarrik, baizik eta herriko beste eragile batzuena ere bai».
Gaztetxea da asanbladaren egoitza. Ostiralero irekitzen dute, pintxo-potearekin, eta ekintzak dauden guztietan ere bai. Hitzaldiak, kontzertuak, dantza saioak, festa tematikoak, erakusketak, ikus-entzunezkoak… denetik antolatzen dute. «Gaztetxetik kanpo herriari gure jarduna erakustea ere gustatzen zaigunez, inauterietan parte hartzen dugu, herri danborradan ere bai…».
Orain, Gaztetxeko oholtza herriko artista txikiei eskaini die: «Eta oholtza hori erabiltzera animatzen ditugu. Oraingoan musikariak izango dira bakarrik, baina badira artista txiki gehiago, izan bertsolari, izan mago, izan bakarrizketa egile. Guztiek dute bermatuta espazio bat gurean».