Urtatza eta Laubide auzoetarako 75 aparkaleku berri
Urtatzako ur biltegiaren behe aldean 42 plaza egokituko ditu udalak, eta beste 33 Urtegialden.

Ur biltegiaren azpialdeko aparkalekua kokatuko den lursaila Ormaizpei S.L. enpresaren jabetzakoa da, eta udalarekin sinatu duen akordio bati esker, doan utziko dio eremu horren erabilera, gune horretan aurreikusitako hirigintza garapena hasi arte. Astelehen honetan, hilaren 19an egindako Udal Gobernu Batzordeak onartu zuen akordio hori sinatzea, eta horren arabera, udalaren ardura izango da 42 aparkaleku izango dituen gunea egokitzea.
Bestetik, Urtatzako iturriaren inguruan, Urtegialden beste 33 aparkaleku egokituko ditu udalak, eta obrak datozen hilabeteetan hasiko dira.
Bi eremuak ikusten izan da aste honetan bertan Eric Galvez alkatea, eta inbertsio honekin “herritarrekin dugun konpromisoa berresten” dutela adierazi du, “bizilagunen bizi-kalitatea nabarmen hobetzeko eta guneari eragiten dion aparkaleku-arazoari erantzun zehatza emateko”.