Gipuzkoako lidergo berria aho batez onartu du EH Bilduk
Nekane Zinkunegi izango da Gipuzkoako EH Bilduko mahai politiko berriaren buru.

Gipuzkoako EH Bilduk Herrialdeko Batzarra elkartu du gaur goizean, Beasaingo Igartza Jauregian. Gipuzkoako bilkideek Herrialdeko Mahai Politiko berria osatuko duten kideak berretsi dituzte bertan; aho batez onartu dute EH Bilduren lidergo berria, Nekane Zinkunegi buru dela.
Ekitaldi politikoa egin dute ondoren, eta Gipuzkoa “funtsezko une batean” dagoela adierazi du Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaileak. Zinkunegik gehitu du, epe motzeko “neurri efektistez” harago, epe luzeko ikuspegiarekin Gipuzkoan “proiektu partekatuak” eraikitzeko unea dela: “Egungo foru gobernua gutxiengoan gotortuta dago, unean unekoa kudeatzera mugatuta, eta horrek gipuzkoarron interesak bazter utzita aritzera darama”.
Horren aurrean, azaldu dute EH Bildu “prest” dagoela lidergoa hartu eta etorkizuneko erronkei erantzuten “Gipuzkoa abangoardia izan dadin sustatzeko”.