Giro bikainean jokatu da IV. Emakumezkoen Ordiziako Klasikoa
Gipuzkoako Itzuliaren bigarren etapa izan da. Kadeteetan, hirugarren sailkatu da Maixa Odriozola ataundarra.

IV. Emakumeen Ordiziako Klasikoa jokatu da gaur goizean, Gipuzkoako Itzuliaren hiru etapetako bat. Kadete, junior, 23 urte azpiko eta elite mailako 260 txirrindularik hartu dute parte.
Kadeteen lasterketa izan da Jose Migel Barandiaran plaza paretik abiatzen aurrenekoa, eta 33,4 kilometroko ibilbidea osatu ostean, Lluna Jimenez valentziarra izan da azkarrena, eta elkarren ondotik jarraitu diote Noa Vega gorliztarrak eta Maixa Odriozola ataundarrak. Bigarren lasterketa, ordu eta erdi beranduago hasi da, eta 92 kilometroko ibilbidea osatu dute. Maite Urteaga zumaiarra izan da osatzen azkarrena, eta Irati Aranguren usurbildarrarekin zein Wanda Villanueva puertorikarrarekin osatu du podiuma.