Goierritarrak garaile Zaldibiako Mendi Lasterketan
Eguraldi bikainak lagunduta eta inoizko partaidetza handienarekin egin dituzte bi lasterketak. Lasterketa luzeko gizonezkoen podiuma goierritarrek osatu dute eta gainontzekoetan ere izan da goierritarren bat.

Zaldibiako Mendi Lasterketak partaidetza marka hautsi du gaur goizean jokatu den VI. edizioan. Eguraldiak lagunduta, ia 400 korrikalariren langa gainditu du partaidetza orokorrean; lasterketa luzean, 175 korrikalari lehiatu dira, eta motzean, berriz, 193. Lasterketa luzeko gizonezkoen podiuma goierritarrek osatu dute eta gainontzekoen ere izan da goierritarren bat. Goierri Koparako baliagarria izango da.
Trail distantzia luzeko proba 09:00etan hasi dute, eta 28 kilometroko ibilbide luzearen ondoren, Goierrin geratu dira txapelak. Gizonezkoen artean, Adur Mendizabal zaldibiarra nagusitu da eta 2 ordu, 32 minutu eta 14 segundo behar izan ditu ibilbidea osatzeko; emakumezkoetan, berriz, Maider Unanue aramarra izan da azkarrena, 3 ordu, 21 minutu eta 31 segundorekin. Honako ibilbidea egin behar izan dute: Plaza, Olakosai, Ausa Gaztelu (901m), Alotza, Ganbo Txiki (1.377), Ganbo (1.412), Uarrain (1.344), Oiduegi, Errekonta, Olakosai, plaza. Podiumak horrela geratu dira:
Gizonezkoak:
1. Adur Mendizabal
2. Oier Larrañaga
3. Mikel Insausti
Emakumezkoak:
1.Maider Unanue
2. Fani Irubetagoiena
3. Anna Puyol
Lasterketa motzeko gainontzeko korrikalariak ordu erdi beranduago irten dira plazatik, 09:30ean. Gizonezkoen artean, Aimar Larrea antzuolarra nagusitu da, eta bere ondotik iritsi dira Amets Aranberri zestoarra eta Beñat Katarain zegamarra. Emakumezkoetan, berriz, Lola Oiartzabal gasteiztarra izan da azkarrena, eta Olatz Salaberria azpeitiarrak zein Intza Urrestarazu ordiziarrak osatu dute podiuma. Hauek, Zaldibiako plazatik eta Ausa Gaztelura arteko joan-etorria egin dute (15 km, 1.000 m+). Podiumak horrela geratu dira:
Gizonezkoak:
1.Aimar Larrea
2. Amets Aranberri
3. Beñat Katarain
Emakumezkoak:
1.Lola Oiartzabal
2. Olatz Salaberria
3. Intza Urrestarazu























































































































