Lehertzear da Zegama: lasterkari faboritoak aurkeztu dituzte
Azken orduetan dago Zegama-Aizkorri 2025 eta emozioa, zirrara eta gogoa dira nabari. Txalo zaparrada eta oihuekin hartu dituzte Top Ten korrikalariak. Iker Zubeldia alkateak trafiko arauak zorrotz betetzea eskatu du.

Zegama-Aizkorri 2025 lasterketa azken orduetan dago; ordu gutxi barru abiatuko dira mendi maratoi ospetsuan lehiatuko diren korrikalariak. Goraino dago Zegama: bide iskinetan aparkalekuetan kabitzen ez diren kotxeak, plaza eta kaleak jendez lepo… Txiki geratu zaie Eskolako frontoia. Mundu mailako korrikalari onenen topaleku da une honetan Zegama.
Top Ten korrikalariak aurkezten dituen ohiko saioa egin dute gaur arratsaldean. Emozioa, zirrara eta gogoa dira nabari. Iker Zubeldia alkateak hartu du hitza, aurrenekoz, eta bertaratutako guztiei eskerrak ematen hasi du hitzartzea. Trafiko arauak zorrotz betetzea eskatu die herritarrei, eta autobus zerbitzu bereziak erabiltzea gomendatu du. Katalanez ere egin du ongi etorria.
Jarraian, txalo zaparrada eta oihuekin egin die ongi etorria korrikalariei. Jakina den moduan, Kilian Jornet ez da aurtengo edizioan izango eta hutsunea utziko du, baina eliteko kirolari askok hartuko dute parte: Gizonezkoetan, esaterako, Elhousine Elazzaoui, Manuel Merillas, Stian Angermund… arituko dira lehia estuan; eta emakumezkoetan, berriz, Malen Osa, Sylvia Nordskar, Sara Alonso, Marta Martinez…