BIDEOA. 24. Zegama-Aizkorri mendi maratoia bideoan
Sara Alonso donostiarrak eta Elhousine Elazzaoui marokoarrak irabazi dute Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren 24. edizioa. Biak podiumean egonda zeuden, eta aurten lehenengo postua eskuratu dute.

Giro bero eta eguzkitsuan jokatu da Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Elhousine Elazzaouik (Zagora, Maroko, 1992) eta Sara Alonso Martinezek (Donostia, 1999) irabazi dute mendi maratoiaren 24. edizioa. Aurrez podiumean egonda, aurten lehenengo postua eskuratzea lortu dute.
Sara Alonsok (Asics taldea) 2022an hirugarren bukatu zuen proba, eta azkeneko bi edizioetan ezin izan zuen parte hartu lesioengatik. Hasieratik hartu du aurrea lasterketan, eta bukaerara arte eutsi dio. Hala adierazi du bere sare sozialetan: “2022an debutatu egin nuen, 2023an estropezu egin nuen, 2024an erori egin nintzen…2025ean lan egin nuen, amets egin nuen, ikusi egin nuen, eta gaur ametsa egi bihurtu da”.
Elhousine Elazzaouik (Nnormal taldea), berriz, laugarren egin zuen 2022an, eta bigarren iaz eta 2023an. Hasieran Andreu Blanesek hartu du aurrea, eta Sancti Spiritura arte bera izan da lasterketa buru, baina azkenean Elazzaoui nagusitu da eta lehen postuan egin ditu azken 12 kilometroak.
Hala, bi irabazleak areriorik gabe sartu dira helmugan; Elazzaouik Blanesi zazpi minutu eta 25 segundo atera dizkio, eta Alonsok Wyderri 2 minutu eta 22 segundo.
Txapeldunek esandakoak
“Irabaztera atera naiz. Buruan nuen eta sinesten nuen. Egia da lider izatea estresagarria dela, etengabe pentsatzen duzu ‘etorriko dira, etorriko dira’… Asfaltora iritsi arte ez dut sinistu. Han ikusi nuenean inor ez zetorrela, bai lortu dudala jakin dut. Ilusiorik handiena pizten zuen lasterketa zen hau. Denboraldia gora-behera badoa, beti esan dezaket Zegama-Aizkorri irabazi dudala, eta hori ja aski da”, adierazi du donostiarrak.
Marokoarra ere pozik agertu da: “Oso zoriontsu nago. Beti bigarren izan naiz eta garaipen hau berezia da niretzat. Zegama Zegama da, eta hemen irabaztea amets bat da. Lasterketa oso adimentsua egin dudala uste dut. Aurreko hiru esperientziek asko lagundu didate”.
Bigarren egin dute Andreu Blanes Reig valentziarrak (Hoka) eta Judith Wyder suitzarrak (Red Bull/Hoka), eta hirugarren Daniel Pattis italiarrak (Brooks Trail Runners) eta Malen Osa oñatiarrak (Salomon).
Lehenengo goierritarrak Oliver de Castro Sanz zegamarra (31. postuan) eta Lara Estebanez legazpiarra (32. postuan) izan dira.
24. Zegama-Aizkorriko Top 5
Emakumeak:
- Sara Alonso Martinez (04:27:25)
- Judith Wyder (04:29:47)
- Malen Osa Ansa (04:31:18)
- Rosa Maria Lara Feliu (04:32:00)
- Theres Leboeuf (04:33:29)
Gizonak:
- Elhousine Elazzaoui (03:43:28)
- Andreu Blanes Reig (03:50:53)
- Daniel Pattis (03:51:40)
- Luca Del Pero (03:54:19)
- Lorenzo Beltrami (03:54:58)

Ezker-eskuin: Luca Del Pero, Andreu Blanes, Elhousine Elazzaoui, Daniel Pattis eta Lorenzo Beltrami.Roger Salanova