Final-laurdenetara sailkatu da Beasain, eta Zaldibia ere lehian sartuko da
Astigarraga garaituta lortu du Beasainek hurrengo faserako txartela. Zaldibiak ostiralean ekingo dio txapelketari Hernanin. Azkoitiak Ataun kanporatu du.

Gutxika-gutxika badoa aurrera Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, eta dagoeneko zehazten ari dira txapelketaren azken txanpa jokatzea lortuko duten herriak. Goierrik, esaterako, bost herrirekin hasi zuen eskuzko txapelketa, eta Lazkao, Zegama eta Ataun erori ostean, Beasainek jarraitzen du lehian; Zaldibiak, iaz finalera iritsi zenez, orain hasiko du ibilbidea, final-laurdenetan. Palan, eta gomazko paletan, berriz, errepresentaziorik gabe gelditu da Goierri.
Beasain, tinko lehian
Asteburuan etxean jokatu dute Beasain eta Ataunek final-zortzirenetako bigarren jardunaldiko itzuliko partida. Beasainek, jubenil eta nagusi mailan aurretik bi garaipen lortu zituen Astigarragaren aurka, eta etxeko partidetan hirutik beste bi partida irabazita, final-laurdenetara sailkatzeko txartela lortu du. Asteburu honetan jokatuko du final-laurdenetako aurreneko jardunaldia, Antzizarren, eta Azkoitia menderatu beharko du final-erdietara sailkatu ahal izateko.
Ataundarrek, ordea, Auzoetan ezin izan dute Azkoitiaren aurka jarri zitzaion zama irauli, eta emaitza berbera geratu da itzulerako partidan ere: kategoria guztietan azkoitiarrak gailendu zaizkie. Hala, txapelketatik kanpo geratu dira ataundarrak.
Zaldibia, martxan
Iaz Herriarteko finalera iritsi izanagatik, aurten final-laurdenetan ekingo dio Zaldibiak txapelketari. Hernaniarren aurka neurtuko dituzte indarrak, eta asteburu honetan jokatuko dute aurreneko jardunaldia, etxetik kanpo. Kadete mailan, Beñat Arrese eta Suhar Mantzizidor ariko dira –eta Enetz Aranburu eta Ekai Armendaritz ordezko gisa–; jubeniletan, Aratz Aranburu eta Aetz Lopez –Lide Lopez ordezko–; eta, nagusien mailan, Alex Sukia eta Aitor Elizegi.