Punta-puntako alpinistek parte hartuko dute Xabier Ormazabal bekaren aurkezpenean
Sebastian Alvarok, 'Al filo de lo imposible' programaren sortzaileak, 'Mis montañas' liburua aurkeztuko du bihar.

Bihar (osteguna) eta etzi (ostirala) Xabier Ormazabal Beka topaketa egingo da, mendizale urretxuarra omentzeko eta mendizale belaunaldi berriei laguntzeko. Lehen aldiz, ekitaldiak bi egunetan izango dira eta bekaren zenbatekoa 2.500 eurotik 7.000 eurora igo da. Urretxuko Udalak 500 euro gehiago jarri ditu (3.000 guztira) eta The Walk On Project fundazioak eta Mendi Film Festibalak 2.000na euro jarri dituzte.
Topaketa bihar (osteguna) hasiko da. 19:00etan, Al filo de lo imposible programa mitikoaren sortzaile Sebastian Alvarok Mis montañas liburua aurkeztuko du Urretxuko udaletxeko portaloian. Alvarok 250 espedizio baino gehiago egin ditu azken 40 urteetan. Nazioarteko alpinismoaren erreferente, kazetari, idazle eta abenturazale nekaezina da.
Etzi (ostirala), 19:00etan Labeaga aretoan, makina bat ekitaldi izango da. Hasteko, Legazpiko Elbereth taldeak joko du. Talde honek abesti bat eskaini zion Xabier Ormazabali. Ondoren, bekaren berri emango dute eta iaz beka jaso zuen Ainhoa Unanuek diru-laguntza horrekin aurrera atera duen egitasmoaren berri emango du. Unanueren aurkezpenaren ondoren, Ainhize Belar eskalatzaile elorriotarraren film laburra emango dute. Belarrek 9a+ mailako horma bat igo du, Josune Bereziartu aitzindaria berdinduz. Film laburraren ostean, Janire Etxabek dantza bertikalaren berri emango du. Dantza bertikala pareta batean egiten da, soka batetik zintzilik. Mokadutxoa egin eta gero, Jordi Corominas alpinistak hitzaldia egingo du. Corominas K2 mendia hego-mendebaldetik eta oxigeno artifizialik gabe igo duen lehen pertsona da eta bi aldiz irabazi du Urrezko Pioleta nazioarteko sari ospetsua.