Domingo Agirre eskolak bat egin du Auzoak Bizirik egitasmoarekin
Elkarbizitza astean murgilduta daude ikastetxean. Gaur Ingurumenaren eguna ospatuko dute, eta ondoko auzoen egoera aztertuko dute. Buskabaso auzo elkartea berraktibatu dute San Ignazio-San Martinen.

Duela hilabete batzuk Legazpi osoan bildutako sinadurekin herritar talde batek martxan jarritako Auzoak Bizirik egitasmoak eman ditu lehenengo fruituak. Gaur bertan, egitasmo horren atzean dauden boluntarioetako batzuek bat egingo dute Domingo Agirre ikastetxearen Elkarbizitza Astearekin eta Ingurumen egunarekin.
Bestetik, azken asteetan San Ignazion eta San Martinen Buskabaso auzo elkartearen berraktibazioan laguntzen ari dira.
Domingo Agirren auzolana
Domingo Agirre eskolan aste osoa eskaini diote elkarbizitzari, eta besteak beste, kanpoko jatorria duten ikasleen familiak gonbitatu dituzte geletara, bakoitzaren herrialdeei eta ohiturei buruz hitz egiteko. Gaur, gainera, Ingurumen eguna ere ospatuko dute, eta ikasleak eskolara kotxez edo autobusez joan beharrean, oinez joango dira goiz eta arratsaldez, herriko hainbat puntutan taldeak osatuta, eta berdez jantzita.
Bestalde, gaurko ingurumen eguna ospatzeko jardueren artean, arratsaldean ibilaldi bat egingo dute hainbat ikasle taldek, inguruko auzoak eta parkeak ezagutzeko, eta zein egoeratan dauden aztertzeko. Auzoak Bizirik mugimenduko boluntarioek lagunduta egingo dute bira, auzolanean, eta ikusten dituzten arazoekin txosten bat osatuko dute, gero udalari bidaltzeko. Zaborra, espaloiak, hiri altzariak, pintaketak… horrelako gaietan jarriko dute arreta batez ere.
Lanketa horretan laguntzegatik, saria izango dute eskolako ikasle guztiek, eta bihar txokolate jana egingo dute, horrela Elkarbizitza asteari amaiera emanez. Auzoak Bizirik-eko kideek eskainiko diete txokolatada, legazpiarrek egindako diru ekarpenei eta Otordu, Arbizu, Leches Pascual eta Star Gourmet enpresek doan emandako materialari esker.
Buskabaso berraktibatzen
San Ignazio eta San Martin auzoetara ere iritsi da Auzoak Bizirik boluntario taldearen jarduera, eta Buskabaso elkartearen berraktibazioan laguntzen ari dira. Momentuz, urte batzuetan geldirik egon den elkartearen estatutuak berritzen ari dira, eta aurrera begira jarrita daude, inguruan dauden Arantzazu eta San Jose auzoak ere barruan sartzeko aukerak aztertuz.
Auzo horietan dauden premiak aztertu eta auzolanean horiek betetzen joatea izango da Buskabaso elkartearen eta Auzoak Bizirik mugimenduaren arteko elkarlanaren helburua.
Buskabasok SAn Ignazio auzoko eskola zaharretan du egoitza, eta ateko sarreraren gainean jarri dute dagoeneko Auzoak Bizirik Legazpiren kartela. Ondoko lokalean egoitza duen Txirbil egur tailla elkarteko kide batek egina eta oparitutakoa da, Jose Luis Morok, hain zuzen.