Domingo Agirre ikastetxeak Ingurumenaren eguna ospatu du
Berdez jantzita, ikasleak oinez joan dira gaur eskolara. Arratsaldean, inguruko auzoen egoera aztertzeko ibilaldia egin dute, Auzoak Bizirik egitasmoko boluntarioekin batera.

Legazpiko Domingo Agirre ikastetxea Elkarbizitzaren astean dago murgilduta, eta gaurko eguna ingurumenari eskaini dio. Hori dela eta, hainbat jarduera burutu dituzte goizean zein arratsaldean.
Hasteko, ikasleak eta irakasleak oinez joan dira goizean eskolara, berdez jantzita, eta eguerdian maketa elektrikoen erakusketa jarri dute ikusgai Laubideko eraikinaren patioan.
Arratsaldean, inguruko auzoak eta parkeak aztertzen aritu dira hainbat talde, Auzoak Bizirik egitasmoko boluntarioen laguntzarekin. Besteak beste espaloien eta zaborrontzien egoera aztertu ondoren, txosten bat egingo dute, udalera bidaltzeko helburuarekin.
Egin duten lana eskertzeko, Auzoak Bizirik egitasmoak txokolatada bat eskainiko die bihar arratsaldean, Elkarbizitzari asteari amaiera festa giroan emateko.