Ordizia Hiria pala txapelketa martxan da
Aurrera doaz pala luzeko eta trinketeko txapelketak. Oianguko gaztetxoak Euskadiko jokoetan parte hartzen ari dira.

Oiangu Pelota Elkarteak antolatzen duen Ordizia Hiria txapelketa martxan da dagoeneko. Bost taldetan banatuko da aurtengoa: benjamin, alebin eta infantil-kadete mailako gaztetxoak alde batetik eta emakumezko zein gizonezko nagusiak bestetik. Partida ugari izango da hurrengo asteetan eta ohikoa den gisara, finalak Ordiziako festetan jokatuko dira, uztailaren 25ean.
Pala luzea eta trinketea
Bestalde, aurrera doaz pala luzeko eta trinketeko txapelketak.
Pala luzean bi bikote ari dira jokoan. Pasa den asteburuan Oiangu 1 (Ibarguren-Agirrezabal) bikoteak garaipena lortu zuen andoaindarren aurka aurkarien etxeko frontoian jokatzen ari den txapelketan (45-38), Oiangu 2 ( Otegi-Letamendia) bikoteak berriz atsedena izan zuen pasa den jardunaldian.
Paleta larruz trinketean jokatzen ari den txapelketa bestalde, iritsi da final aurrekoetara. Pasa den asteburuan jokatu zituzten ligaxkako azken partidak eta Oiangu 1 (Luzuriaga-Etxeberria) bikoteak lortu du final erdietarako txartel bakarra Oiangutarrentzat. Errepalako bikotea izango dute aurkari asteburu honetan, larunbat goizean eta Irurako Ametsa trinketean jokatuko den partidan.
Gaztetxoak
Gaztetxoen mailan asteburuan berri pozgarriak ere izan dituztela jakinarazi du Oiangu PEk, “eta are borobilagoak izan daitezke asteburu honetan”.
Intantil mailako Oiangutarrak, Andonegi, Maiora, Soberon, Sardon eta Salaberria Gasteizen izan dira Euskadiko jokoak lehiatzen. Gomaz zein larruz lehiatu ziren asteburuan bizkaitarren aurka eta bi partidetan garaile izan ziren goierritarrak.
Asteburu honetan arabarrak izango dituzte aurkari eta emaitza berak lortuz gero, bigarren urtez jarraian Euskadiko txapeldun izango ditugu infantil mailan.