Urretxuko gobernu taldeak Bengoleako lursaila merkataritzarako erabiltzea onartu du, "inguruaren eraberritzea amaitu ahal izateko"
Atzoko Urretxuko osoko bilkuran Bengolea zerrategia egon zen lursaila (herriko sarreran, Legazpitik) merkataritzarako erabili ahal izatea ahalbidetu zen. Hala, hipermerkatu bat eraiki ahal izango da bertan, adibidez. EAJ eta PSE-EEk alde bozkatu uzten eta EH Bilduk aurka.
Igor Zubillaga EAJko zinegotziak 2021ean Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) onartu zenetik inguru hura ia erabat birgaitu dela gogoratu zuen. Telleria lantegia eraikitzen ari da, Euskadi Low Costek gasolindegia ireki zuen eta Smartlog enpresak eraikin berria egin behar du. “Hutsik dagoen lursail bakarra Bengolea zerrategia zenarena da. Arrazoietako bat lursail txikia dela da. Industriarekin lotutako egitasmoek lursail handiagoak behar dituzte. Hori dela eta, lursailaren jabeek lursaila merkataritzarako ere erabili ahal izatea eskatu digute. Merkataritzarako erabiltzeari uko egin genionetik Urretxu asko aldatu da. Ingurua garatzen ari denez, lursail hori herrian txertatuago dago. Hala, eskaera onartzea erabaki dugu. Orain arte baimendutako eraikitze maila izango du, ez handiagoa, eta aparkalekuak egin beharko ditu. Helburua inguruaren eraberritzea amaitzea da. 12 urte baino gehiago pasa dira Bi-Tartean eta Dendarteanekin bertan merkataritzarekin lotutako ezer ez egitea adostu genuenetik eta denbora horretan guztian ez da lortu lursail horretara aktibitate ekonomikoren bat erakartzea. Gainera, okupak sartu dira, lapurretak eta sute txikiak izan dira…”.
Hipermerkatu bat irekitzen bada, aparkalekuak 30 autorentzako tokia izan beharko du gutxienez.
Jon Luqui alkateak EH Bilduren jarrerarekin Telleriarena, Euskadi Low Costena eta Smartlogena bezalako egitasmoak ez liratekeela aurrera aterako esan zuen. “Goierriko Carrefour, Lidl edo Mercadonara joan beharra dudan bakoitzean, urretxuar asko ikusten ditut. Herrian hipermerkatua irekitzen bada, herritar horiek herrian bertan egin ahal izango dituzte erosketak eta gainera herriko denda eta tabernetan kontsumitu dezaketen kanpotarrak erakarriko ditugu. Gure helburua lursail hori behingoz erabiltzea da, enplegua eta inbertsioak erakartzea”.