31. Gipuzkoako Klasikoko lehen etapa, Lazkaon
Lazkao eta Egian jokatuko diren bi etapek osatuko dute aurtengo edizioa. Lasterketa zuzenean jarraitzeko aukera egongo da Aupa TV kanalean.

Bihar eta igande bitartean jokatuko da junior mailako 31. Gipuzkoako Klasikoa Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak antolatzen duen nazioarteko txapelketa. Bi etapatan banatuta dagoen lasterketa honek Euskal Herriko eta nazioarteko promesa gazte nagusiak bilduko ditu. Aurreneko etapa Lazkaon jokatuko da eta bigarrena Egian. Lasterketa zuzenean jarraitu ahal izango da Aupa TVren YouTube kanalaren bidez.
98,5 kilometro, Lazkaon
Lasterketa ofizialki bihar hasiko bada ere, gaurtik izango da giroa Lazkaon. 15:00etatik 16:45era bitartean egingo da taldeen izen-emate ofiziala. Aurreneko etapa, Irizar Sari Nagusia izenarekin, bihar jokatuko da. 08:40an hasiko da taldeen aurkezpen ofiziala Lazkaoko plazan, eta 10:20an txirrindulariei irteerako deia egingo zaie. 10:30ean irteera neutralizatua egingo dute, eta sei minutu geroago, 10:36an, hasiera emango zaio etapari.
Ibilbideak 98,5 kilometro izango ditu, eta tartean hiru mendate puntuagarri gainditu beharko dituzte: Larraitz (34,9 km), Gaintza (62,8 km) eta Lazkaomendi (95,4 km). Irteera eta helmuga Lazkaon izango dira, eta aurreikusten da 13:00 aldera iritsiko direla parte-hartzaileak helmugara.
Bigarren eta azken etapa igandean jokatuko da, Donostiako Egia auzoan, eta bertan erabakiko da zein txirrindulari izango diren irabazleak sailkapen nagusian eta gainontzeko kategorietan. 104 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute.
Atzerritik etorriak
Gipuzkoako taldeez gain, izango dira Bizkai, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko selekzioak ere. Horiez gain, hamasei talde atzerritar arituko dira: zazpi frantses, hiru herbeheretar, hiru ingeles, eta Belgikako eta Portugalgo filialak ere bai. Guztira, maila handiko tropela bilduko da.
Ikuskizun maila handia
Lasterketak behin amaituta, mailotak banatuko zaizkie Klasikoan liderrak izan diren txirrindulariei: sailkapen nagusiko liderrari, mailot horia emango zaio; mendiko sariko liderrari mailot zuri-gorria; tarteko helmugen liderrari, urdina; lehen urteko aurreneko sailkatuari, granatea; eta aurreneko euskaldunari, berdea.
Antolakuntzak herritarrak eta zale guztiak gonbidatu ditu errepide bazterretara gerturatzera, gazteen artean txirrindularitzak duen indarra bertatik bertara bizitzeko. Giro aparta eta ikuskizun maila handia egongo dela ziurtatu dute.