Auzolanerako deia egin dute ataundarrek
09:00etan elkartuko dira San Martinen edo Arrondon; San Gregorion, 10:00etan.

Ataungo herrigunea eta mendia txukun mantentzeko helburuarekin, hiru hilean behin auzolan deialdia egiten du Ataungo Udalak, eta oraingoan ere, biharko deitu dituzte herritarrak. Ohi bezala, bi lan mota egiteko aukera egongo da: batetik, herri guneetako txukunketa-lanak, eta bestetik, mendietako lanak, natura zaintzeko helburuarekin eginda.
Hiru gune desberdin
Goizean, 09:00etan abiatuko da auzolana, hiru tokitan banatuta: boluntario batzuk San Martingo plazan elkartuko dira, futbol zelai ondoko hesi bizia txukuntzeko eta inguruko zaborra jasotzeko. Antolatzaileek etxeko txikienentzako egokia izango den gune gisa definitu dute hau, «jarduera arinak eta parte-hartzaileak» egingo baitira.
Beste batzuk, Arrondoko baratze-gunean elkartuko dira, Herri Baratze Ekologikoak martxan jartzeko lanetan aritzeko. Saila txukundu ondoren, jende nahikoa biltzen bada, talde bat Gaztiñarreko ibilbidera joango da xehaketa lanak egitera.
Azkenik, San Gregorioko plazan elkartuko direnek 10:00etan dute hitzordua. Elkartu eta parkean konponketa eta garbiketa lanak egingo dituzte: saretxo bat konpondu, guneak txukundu eta zaborra bildu, besteak beste. «Txikien parte-hartzea ere oso garrantzitsua izango da hemen», azaldu dute udal ordezkariek.
Aurrez izena eman
Parte hartu nahi duenak aurrez izena eman beharko du ohiko galdetegia beteta.