Legazpiko Futbol-7 txapelketa martxan da, inoizko partaidetza handienarekin eta internazionalenarekin
Ia 500 emakumezko eta gizonezko jokalari ari dira parte hartzen, 39 taldetan banatuta. Joan den larunbatean hasi ziren kanporaketak, eta uztailaren 5ean jokatuko da final handia.

Iazko etenaren ondoren, bueltan da Legazpiko Futbol-Zazpi txapelketa herrikoia. Hamaseigarren edizioarekin itzuli da, eta inoizko partaidetza handienarekin eta internazionalenarekin.
Ilintxaren talde federatuek denboraldia amaitu berri dute, baina Irene Paredes kirol guneko zelaia futbol jokalariz bete da berriz ere. Aurtengo txapelketa joan den larunbatean hasi zen, hilaren 24an, eta uztailaren 5era arte luzatuko da, Legazpiko Gazteak kirol elkarteak antolatuta.
Ia 500 futbolari
Aurten 39 taldek eman dute izena, 16 urtetik gorako 497 futbolariz osatutakoak, neskak eta mutilak. Talde horietatik 26 gizonezkoez osatuta daude, sei emakumezkoez, eta zazpi mistoak dira. Hiruk, gainera, nazioarteko titulua dute, kanpoko jatorria duten legazpiarrez osatuta daudelako. Senegaldarrak dira talde batekoak, eta Honduraskoak beste biak.
Halako partaidetza handiarekin, antolatzaileek bost taldeko multzoak osatu dituzte. Multzoen barruan, lau partida jokatuko ditu talde bakoitzak, hiru asteburutan banatuta. Multzo bakoitzean puntu gehien lortzen dituzten bi taldeak igaroko dira hurrengora.
Lehen jardunaldia amaituta, beste bi dituzte ondoren datozen bi asteburuetan, eta ekainaren 13an final zortzirenekin hasiko dira. Ekainaren 21ean final laurdenen txanda izango da, eta ekainaren 28an, finalerdienak.
Festa finalaren egunean
Final handia uztailaren 5eko goizean jokatu da, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidaren ondoren. Bi kanporaketen tartean jolasak izango dira futbol zelaian, babesleen eskutik. Finala amaitutakoan, sariak banatuko dituzte bertan; jokalari mutil onena, jokalari neska onena, pitxitxiak, eta txapelduna eta txapeldunordea.
Ilinti merkatari elkarteak emandako sariak jasoko dituzte batzuek, eta afariak Aitxuri jatetxean besteek. Ez dira horiek txapelketaren babesle bakarrak, Matxete ile apaindegia, TxoEsna elkartea, KTE tabernarien elkartea, Attiko eta Zuzen diseinu graafikoko estudioak eta Arbizu edariak ere tartean direlako, Gaztetxearekin eta udalarekin batera. Horiei guztiei esker, sariak ez ezik, partaide bakoitzarentzako kamisetak izango dira, baita bestelako opariak ere, besteak beste txapelak, eskumuturrekoak, abanikoak eta txapak zabaltzekoak.
Sari banaketaren ondoren, dagoeneko lehertuta izango den festak goraldia izango du, bazkariaren aurretik. Bazkarirako tokia ez dago oraindik zehaztuta, jokalari guztiak hartzeko leku handia beharko delako aurten.
Festak jarraipena izango du bazkalondoren, elektrotxaranga baten emanaldiarekin.