«Presoa etxera itzultzen denean dena konpondu dela iruditzen zaigu, baina ez da hala»
Preso eta erbesteratu ohiei laguntzen dien Harrera elkarteak bere lanaren eta beharren berri emango du asteartean Zumarragan eta Ordizian.

Harrera elkartearen xedea espetxetik edo erbestetik itzultzen direnei laguntzea da. Urte asko espetxean edo jaioterritik urrun eman ondoren, ez da erraza azken hamarkadetan asko aldatu diren gizartera eta bizimodura egokitzea. Etxera itzultzen diren askok osasun eskasa eta baliabide gutxi dituzte. Harrerak geroz eta lan gehiago du, asko baitira etxera itzultzen ari diren preso eta erbesteratuak. Hori dela eta, bazkide kanpaina jarri du abian. Helburua 5.000 bazkide lortzea da; 3.500 ditu. Hitzaldiak antolatu ditu egoeraren eta kanpainaren berri emateko. Asteartean, 18:30ean, bi egingo ditu Goierrin: Zumarragako kultur etxean eta Ordiziako D’elikatuzen.
Harrerako kide diren Joseba Segurola urretxuarrak eta Oskar Salinas legazpiarrak elkarteari eta preso eta erbesteratu ohien beharrei buruz hitz egin dute. Segurolak 20 urte eman zituen kartzelan eta ederki daki zein egoera bizi duten presoek etxera itzultzen direnean: «Sekulako saltoa da. Errealitate batetik beste batera pasatzen zara. Kartzelan zaudenean zure burua kalerako prestatzen saiatzen zara, kalean gauzak nola diren irudikatzen duzu, hemendik edo hortik joko duzula pentsatzen duzu… baina kaleko errealitateak zure tokian jartzen zaitu. Nik azkarregi egokitu nahi izan nuen, lehenbailehen autosufiziente izan nahi nuen, eta horrek kalte egin zidan. Denbora behar da». Salinasek gehitu du presoek badakitela «20 urte eta gero gauzak aldatu egin direla, baina zein punturaino aldatu diren asmatzea zaila» dela.
«Kartzelan zaudenean zure burua kalerako prestatzen saiatzen zara, kalean gauzak nola diren irudikatzen duzu, hemendik edo hortik joko duzula pentsatzen duzu… baina kaleko errealitateak zure tokian jartzen zaitu»
Joseba Segurola. Preso ohia eta Harrera elkarteko kidea
«Kartzelan telebista ikusten duzu, irratia entzuten duzu, lagunek egoera politikoaren eta sozialaren berri ematen dizute beraien bisitetan… baina ateratzen zarenean kolpea handia da. 20 urterekin alde egin nuen eta 40rekin itzuli nintzen. Joan nintzenean nire ingurukoek 20 urtekoen bizimodua zeramaten eta orain guztiek seme-alabak dituzte. Kalera egokitzea errazagoa izango zela uste nuen. Zaplaztekoa hartu nuen», aitortu du Segurolak.
«Bidean laguntzen»
Kolpe hori ahalik eta txikiena izatea da, hain zuzen ere, Harreraren helburua. «Bidean laguntzen diegu. Pertsona bakoitza mundu bat da, errealitate ezberdina du, eta bere beharrak identifikatzen eta behar horiei erantzuna ematen saiatzen gara».
Kartzelan edo erbestean emandako urteetan familiako egoera aldatu egin da, asko osasun arazoekin itzultzen dira behar bezalako zainketarik jaso ez dutelako, lana bilatu beharra dute, teknologia berriei egokitu beharra dute… «Batzuk 40 urte pasa dituzte kanpoan, ia bizitza osoa. Itzuli direnean, apenas gelditzen zaie senitarteko eta lagunik. Gaixo itzuli dira eta ezin dute lanik egin…», azaldu du Salinasek. «Gazteagook errazago egokitzen gara, baina guk ere laguntza behar dugu: aholkularitza (juridikoa, administratiboa, laguntzak…), laguntza ekonomikoa… Adineko batzuk hil arte beharko dute laguntza, bakardadea, baliabide ekonomiko eza eta espetxeak eragindako osasun mental arazoak pairatzen baitituzte», gehitu du Segurolak.
«Batzuk 40 urte pasa dituzte kanpoan, ia bizitza osoa. Itzuli direnean, apenas gelditzen zaie senitarteko eta lagunik. Gaixo itzuli dira eta ezin dute lanik egin…»
Oskar Salinas. Harrera elkarteko kidea
Etxebizitzaren arazoa ere aintzat hartzekoa da. «Kartzelatik edo erbestetik atera direnek ezin dituzte merkatuko prezioak ordaindu. Hori dela eta, etxebizitza hutsen jabeekin hitz egiten dugu alokairu merkeagoak lortzeko. Ezin ditugu merkatuko alokairuak ordaindu; trukean lasaitasuna ematen dugu. Ordainduko dugula eta etxea zainduko dugula ziurtatzen dugu eta obraren bat egin behar bada auzolanean egiten dugu. Lana lortzeko ere zailtasunak dituzte. Nork hartuko du curriculumean 20 urteko hutsunea duen norbait? Harrerak hainbat enpresekin hitzarmena du».
Behar handiak
Harrerak geroz eta lan gehiago du eta herrietara zabaltzen ari da beharrei erantzuna emateko. «Presoak kalera ateratzen ari dira eta beharrak areagotzen ari dira. Giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak behar ditugu. Jendea eta dirua behar dugu preso eta erbesteratu ohiei laguntzeko. Beharrak identifikatzeko eta behar horiei erantzuna emateko. Hori dela eta, herrietara eta eskualdeetara zabaldu nahi dugu. Boluntarioak eta harpidedunak behar ditugu. 3.500 Harrera kide gara eta 5.000ra salto egin nahi dugu».
Astearteetako batzarrak bultzada izatea nahi dute. Behar eta egoera ezberdinak mahai gainean jarriko dituzte. «Izan ere, Harrera 2012an jarri zen martxan, baina herritar askok ez dakite Harrera zer den, zer lan egiten duen eta zein behar dauden. Dispertsioak eragindako gastuei aurre egiteko lan handia egin da herri guztietan eta presoa etxera itzultzen denean dena konpondu dela iruditzen zaigu, baina ez da hala. Helburua ez da erabat lortu. Prozesua ez da amaitu. Harreraren helburua pertsona horiek bizitza duina izatea da, hil arte».