Pepe Mujica herriko seme kutun izendatzea onartu dute Beasainen
Aho batez onartu dute udal talde guztiek Elkarrekin-Podemosek aurkeztutako proposamena.

Beasaingo osoko bilkurak Pepe Mujica Uruguaiko presidente ohia herriko seme kutun izendatzeko proposamena onartu zuen atzo. Elkarrekin Podemosek aurkeztu zuen proposamena, Mujicak Beasainekin dituen lotura familiarrengatik, eta bere ibilbide politiko eta humanoa, behartsuenen zerbitzura eta justizia sozial, elkartasun eta duintasunaren balio unibertsalak aitortzeko. Gainera, herriko kale batek edo plaza batek Mujicari eskaintzea gehitu zuen EH Bilduk. Udal talde guztien babesa jaso zuen proposamenak.
Elkarrekin Podemoseko zinegotzia Aritz Corsittok osoko bilkuran nabarmendu zuenez, “Mujicaren bizitza eta politika mundu bidezkoago, berdintasunezkoago eta solidarioago baten aldeko borrokaren adibide unibertsala da. Uruguaiko presidentetzan eskubide sozialak, askatasun zibilak eta guztion onerako politika irmo defendatu zituen, soiltasunean eta norberaren austeritatean oinarrituta, bizitza-filosofia gisa. Bere lidergo-estiloa, pribilegioetatik urrun eta herritarrengandik hurbil, mundu osoan miresteko arrazoi izan da. Mujicak koherentziaz irudikatu ditu justizia sozialaren balioak, ekitatea, ahulenen defentsa eta demokrazia parte-hartzaileago eta gizatiarrago baten eraikuntza. Gutiziak eta berekoikeriak, mugimendu neofaxisten gorakadak eta sukar militaristak markatutako testuinguru global batean, bere figura inspirazio-iturri bat da milioika pertsonarentzat”.
Elkarrekin Podemoseko zinegotziak bilkuran gogorarazi zuen moduan, Mujicak hainbat aldiz adierazi zuen bere jatorri beasaindarra ezagutzeko eta euskal sustraietan sakontzeko interesa. “Belaunaldiz belaunaldi herri honekin duen lotura familiarra etengabeko kezka pertsonala izan zen berarentzat”, adierazi zuen Corsittok, Beasainek Mujicaren balioetan bat egiten duela eta aitortzen duela adierazteko.
Onartutako mozioak jasotzen du Mujicaren senide eta lagunei eta dagozkion erakundeei erabakiaren berri ematea, bai eta seme kutun gisa aitortzeko egin beharreko izapide administratibo eta zeremonialei ekitea ere. Corsittok pozik hartu du Beasainek pauso hau eman izana.