Danbor hotsez astindu dituzte haurrek Beasaingo kaleak
Dozenaka gaztetxok parte hartu dute danborradan. Arratsaldean helduen txanda izango da. 18:30ean abiatuko dira Amiantoaren biktimen omenezko eskulturatik.

Atzo eman zitzaien hasiera Beasaingo Loinatz jaiei, eta hurrengo asteburura arte ekintza ugariz disfrutatzeko aukera izango da herrian. Adin tarte guztientzako ekinaldiak antolatu badituzte ere, beste urte batez, haurrek eta gaztetxoek protagonismo berezia izango dute lehen egun hauetan. Atzo Murumendi eskolako gaztetxoek eman zien jaiei hasiera ofiziala, eta gaur eguerdian, haurren danborrada egin dute. Aurten ordutegian aldaketa bat izan da eta danbor-jotzaileak 12:00etan abiatu dira Igartzatik. Herriko kaleak zeharkatu ondoren, Loinazko San Martin plazan egin dute azken joaldia.
Bero sapa egin badu ere, jende ugari bildu da danborren soinua entzutera. Dozenaka haurrek parte hartu dute ekinaldian, txarangaren laguntzarekin. Goizeko festaren ostean, arratsaldean helduen danborradaren txanda izango da, 18:30ean. Amiantoaren biktimen omenezko eskulturatik abiatuko dira.



























