Egun osoko festa, Xabier Ortiz de Luzuriaga omenduz
Ortiz de Luzuriaga omentzeko 20. mendi bizikleten martxa egin dute Legazpin. Aitor Uribetxeberria antolatzaileak martxaren balorazio "oso positiboa" egin du. Arratsaldean eta gauean musika izango da ingurua girotzen.

Urtero lez, Xabier Ortiz de Luzuriaga omentzeko mendi bizikleten martxa egin dute Legazpin. Probaren 20. urteurrenaren aitzakian, egun osorako ekintzak antolatu dituzte: haurrentzako puzgarriak goizean, paella jana eguerdian, eta musika arratsaldean eta gauean. Hala ere, eguneko ekitaldi nagusia mendi bizikleta martxa izan da. Txirrindulariak 09:15ean atera dira 37 kilometroko mendi ibilaldia egitera, Laubideko kale nagusitik. Aitor Uribetxeberria antolatzailea “oso gustora” gelditu da martxaren emaitzarekin, eta balorazio “ezin positiboagoa” egiten duela esan du. Eguraldia lagun, hirurehun txirrindulari inguruk parte hartu dute jardueran: “Inorrek ez du minik hartu, pentsatzen genuen denboren barruan egin dugu ibilbidea, eta jendeak asko disfrutatu duela esan digu”, adierazi du Uribetxeberriak.
Arratsalde eta gaueko plana
Arratsaldean musika izango da nagusi, eta 18:00etatik aurrera txaranga batek alaituko du ingurua. Ondoren, 20:30ean, Xabi Ortiz de Luzuriagaren kuadrillako musikari batzuk igoko dira oholtzara Mala Biela izenarekin, eta bizikleta martxaren 20. ediziorako espresuki eta laguna zuten hari eskainita sortu duten abestia aurkeztuko dute.
Gauean jarraituko du festak. 23:00etan Expansion talde legazpiarrak joko du, hori ere okasiorako elkartuta, 2011n desegin ondoren. Kalean taldeak ere joko du.