Elkarretaratzea deitu du ostiralerako Oiangualde Stop plataformak
Oiangualdeko urbanizazio proiektua gelditzeko eskatuko dute udaletxe aurrean. Alegazioak sinatzen jarraitzeko aukera dago; bihar, udaletxe azpian edo Barretxe aurrean.

Oiangualdeko proiektuko alegazioak aurkezteko epea luzatu du Ordiziako Udalak, azken herri batzarrean Oiangualde Stop plataformak «informazio faltaren aurrean» epea luzatzeko eskatu ondoren. Apirilaren 23an zabaldu zen alegazioak aurkezteko epea, eta ordutik, hamaika bilketa egin ditu plataformak, ordiziarren sinadurak lortzeko. Orain, ostiralera arte luzatu du udalak epea (ekainak 6), eta plataformak ohar baten bidez adierazi du alegazioak sinatzeko mahaiak jartzen jarraituko dutela: bihar, udaletxe azpian edota Barretxe aurrean egongo dira sinadurak biltzen, 11:00etatik 13:00etara, eguraldiaren arabera. Online ere sina dezaketela gogorarazi die ordiziarrei, horretarako plataformaren Instagram edo Mastodon kontuetan sartuta eskura dezaketen galdetegia beteta. Elkarretaratzea deitu dute ostiralerako.
Plataformaren arrazoiak
Oiangualden 82 txalet adosatu eraikitzeko proiektua atzera botatzeko arrazoiak ere mahai-gaineratu dituzte, beste behin, oharrean: batetik, Oiangualde urbanizatu beharrean, bertako «lurra eta natura zaindu» behar direla berretsi dute, espazio hori «nekazaritza erabilerarako baliatuta», eta «ez luxuzko txaletetarako»; bestetik, Goierri Eskolaren garapena aitzakia gisa ez erabiltzeko eskatu dute: «Hezkuntza eta espekulazioa ez dira bateragarriak»; gaineratu dute, Ordiziak ez duela «herrigunetik segregatutako urbanizazio berririk behar», eta hori gauzatzeak «herritarren integrazioa eta elkarbizitza oztopatzea besterik» ez lukeela ekarriko; azkenik, euren ustetan Ordiziako herriak duen «benetako beharra» zein den azaldu dute: «Etxebizitza soziala behar du Ordiziak, ez luxuzko txaletak. 2006ko legeak espekulazioa saihestea eta erabilera soziala lehenestea eskatzen du, eta proiektu honek, hain justu, kontrako norabidea du».
Mobilizaziorako deia
Oiangualdeko urbanizazio proiektua gelditzeko eskatzeko, eta Ordiziako alderdi politikoei Oiangualdeko plan partzialaren aldaketa ez onartu eta eskura dituzten tresna guztiak erabiltzeko eskatzeko, udaletxearen aurrean egingo duten elkarretaratzera batzeko deia luzatu die herritarrei Oiangualde Stopek: ostiralean, 19:00etan.