Enirio-Aralarko akordioaren kontra azaldu dira Aralar Bizirik eta Landarlan
Ardurak dituzten EAJ eta EH Bildu alderdiei akordioa «ezagutaraztea eta eztabaidatzea» eskatu diete. Azaldu dute «atzerapauso handia» suposatuko lukeela Naturaren Kontserbazioan eta Mankomunitatearen funtzionamendu demokratikoan.

Aralar Bizirik Plataformak eta Landarlan Ingurumen Elkarteak maiatzaren 14an Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Enirio-Aralar Mankomunitateak sinatutako Enirio-Aralar Mankomunitateko lurraldea antolatzeko plan orokorra (2025-2035) akordioaren harira, beren irakurketa plazaratu dute, hedabideetara bidalitako oharrean. Plan horretan «ardurak» dituzten EAJ eta EH Bildu alderdi politikoek «eztabaidatu gabe eta partaidetza prozesurik gabe» sinatu izana leporatu diete, eta bide beretik, bi erakundeei «akordio osoa ezagutarazteaz» gain, «herri eta udal batzuetan eztabaida dadila» eskatu diete.
Horretarako, zenbait argudio jarri dituzte mahai gainean: batetik, gogorarazi dute Enirio-Aralar, Aralarko Parke Naturalaren parte den aldetik, akordio berri honek Parke Naturalaren helburuen kontra jotzen duela, «abeltzaintzak natur kontserbazioaren gainetik lehentasuna» izango duelako; bestetik, ziurtatu dute akordioaren eduki batzuek ez dutela «berme zientifikorik, eta ezta juridikorik ere», «gaur egun daukagun sistema sendo eta fidagarrienari uko eginda».
Landa-eremua eta mendia ez bereiztea ere leporatu diete arduradun politikoei. «Ezin da Enirio-Aralar herri bateko landa eremua balitz bezala kudeatu. Abereak larratzeko aldia berrikustea proposatzen da, beraz luzatzeko traza hartzen zaio. Sastrakak erretzeari eta herbizidak erabiltzeari ateak irekitzen dizkio. Natura kontserbatzea ez da izaki bizidunak erretzea eta pozointzea», azaldu dute oharrean; azkenik, Arritzaga, Elutseta eta Pagabera hiru pista egitera konprometitu izana gaitzetsi dute, eta horrek dakarren «mendiaren artifizializazio eta kutsadura guztia» kontuan hartu ez izana salatu.
Atzerapausoa
Izan ere, uste dute sinatutako akordioa aurrera eramaten bada, «atzerapauso handia» suposatuko lukeela Naturaren Kontserbazioan eta Mankomunitatearen funtzionamendu demokratikoan. Horregatik, akordioa «ez onartzea» eta herritarrei «beraien herrietako ordezkariak horretara bultzatzea» eskatu diete.