Hodei Otaegi, aitona Lucasek Hegialden ireki zuen tabernaren maizter berria
Joan den astean berrireki zuen, aitona gogoratzeko Lukas izena jarrita. «‘Todoterrenoa’» izango da taberna, gosariekin, poteoarekin eta pintxo batzuekin.

Laubideko ostalaritza eta legazpiar guztiak zorioneko dira, joan den ostiralean Lukas taberna berrireki eta gero. Duela 50 urte inguru taberna hori Edorta izenarekin ireki zuen Lucas Otaegiren biloba Hodei Otaegi Saez de Guinoa gazte urretxuarrak jarri du berriz ere martxan, denboralditxo bat itxita egon ondoren.
Joan den ostiralean inauguratu zuen Lukas izenarekin, eta jendetza hurbildu zen. Ostalari berria babesteko, auzokoak eta gainerako legazpiar ugari gerturatu ziren, baita Urretxu eta Zumarragako gazte asko ere. Giro paregabea jarri zuen ekitaldi horrek auzoan, eta bota zuen euri zaparradak ez zuen zapuzterik lortu.
Edorta, 1980 ingurutik
Hodei Otaegik 22 urte ditu, eta Urretxun jaiotakoa da, nahiz eta lotura estua duen Legazpirekin, izan ere, Laubiden Edorta taberna ireki zuen Lucas Otaegiren eta Lorea arropa dendako Rosa Mari Urrestarazuren biloba da, eta Legazpin jaiotako Edortaren semea. Lucasek ireki zuen orain hartu duen taberna 1980 inguruan, Patrizio Etxeberriaren lantegian eta elektrikari gisa lanean ibili eta gero, eta Edorta izendatu zuen, semearen izena erabilita. Hamar-bat urte inguru egin zituen tabernan lanean, eta ondoren Julianek hartu zuen. Haren ondotik maizter bat baino gehiago izan ditu, baino denbora gutxirako.
Azkenaldian itxita egon da, eta Hodeiri pena ematen zionez horrela ikustea, berak hartzea erabaki zuen. Aitona hilda dago dagoeneko, eta hark sortutako taberna berriz irekitzeak amonari eta aitari ilusio handia egin diela aitortu du gazteak. «Lan handia dela esan didate, gogorra dela. Baina behar nuen guztian lagundu didate. Bidea erraztu didate», azaldu du. Julen Sasieta lagunak ere asko lagundu dio, eta inaugurazio egunean ondoan izan zuen barran, laguntzaile gehiagorekin batera.
Jaien atarian
Taberna «todoterrenoa» nahi duela azaldu du Hodeik. 08:30ak aldera irekitzen du, gosariak emateko. Jatekorik ez du emango, «lan handia baita», baina pintxoren batzuk bai. Poteatzaileak eta gazteak erakartzea espero du. Hegialden garai batean zegoen giroa berreskuratzen lagundu nahi du, azken finean, bera ere Hegialdekoa sentitzen delako.
Oso une onean ireki du Lukas, larunbatean Xabier Ortiz de Luzuriaga txirrindulari probaren festa ospatu zelako, eta asteburu honetan auzoko jaiak izango direlako. Hodei Otaegik eta laguntzaileak horrelakoei aurre egiteko ondo prestatuta daudela erakutsi dute dagoeneko.