Itsasoren auzo udal izendapena ez da oraingoz Batzar Nagusietan eztabaidatuko
Gaurko osoko bilkurarako aurreikusita zegoen gai zerrendatik erretiratu dituzte proposamenak EH Bilduk eta EAJk. Prozesua hasierako puntura itzuli da berriz. Bi alderdiek irailerako proposamen bateratu bat aurkezteko konpromisoa hartu dute.

Batzar Nagusietan Itsaso auzo udal izendatzeko prozedurak trabatuta jarraitzen du oraindik. EH Bilduk eta EAJk martxoan aurkeztutako bi proposamenak eztabaidatzekoak ziren gaur, Batzar Nagusien osoko bilkuran, baina bi alderdiek 2003ko Udalerrien Mugapena zehazten duen foru arauaren erreformaren gainean aurkeztutako proposamenak gai zerrendatik erretiratzea adostu dute, prozeduraren mesedetan.
Foru arauaren erreforma egikaritzeko bi proposamen ezberdin egoteak prozedura luzatzeaz gain, traba ere izan zitezkeen etorkizunean. Horregatik, EH Bilduk eta EAJk gaiaren inguruan publiko egin duten prentsa oharrean azaldu dutenez, “borondate politikoz” hartutako erabakia izan da “Itsasoko edo Angiozarko kasuei irtenbide egoki bat” eman asmoz.
Hortaz, prozesua hasierako puntura itzuli da berriro ere. Bi alderdien artean hasierako testu bat adostea izango da lehendabiziko lana, Batzar Nagusietan foru araua erreformatzeko prozedura berriz irekitzeko. Irailerako prozedura berriz martxan egotea aurreikusten dute eta ondo bidean, “foru arauaren erreforma urtea amaitzerako onartuta egotea” espero dute bi alderdiek.