Idiazabalgo Kirol Astea, martxan
Julen Goia eta Ekain Imazekin solasaldia egingo dute gaur. Atzoko bizikleta saioa atzeratu egin dute eta bihar izango da. Frontenis topaketa larunbatean da.

Idiazabal Kirol Elkarteak eta Idiazabalgo Udalak elkarlanean antolatu dute aurten ere Kirol Astea, herritarren artean kirol ohiturak sustatzeko helburuarekin. Atzo eman zioten hasiera aurtengo asteari Izalbiraren saio berri batekin. Igandera bitartean, kirol saio, erakustaldi, hitzaldi eta solasaldiek osatuko dute aurtengo egitaraua.
Idiazabalgo kirol orientazio zerbitzuak asteartero antolatzen ditu adinekoen artean kirol ohitura osasuntsuak sustatzeko Izalbira paseoak. Eneko Ruiz kirol orientatzaileak dioenez, «gero eta jende heldu gehiagok» egiten du kirola gaur egun. «Kirola egiteak onura asko dauzka. Sedentarismoak, aldiz, luzera gaitzak edo osasun eskasia ekar ditzake».
Bizikleta saioa atzeratuta
Atzo arratsalderako aurreikusita zegoen haur eta gazteentzako mendi bizikletako saio gidatua atzeratu egin dute eguraldi iragarpen txarragatik. Bihar izango da, eskolako patioan, 17:30ean.
Gaur arratsaldean, Julen Goia (Idiazabal, 1991) eta Ekain Imaz (Beasain, 2002) errugbi jokalarien arteko solasaldia antolatu dute. Goiak erretiroa hartu berri du eta Imaz Biarritz Olympique errugbi taldean ari da gaur egun. Joxe Mari Apaolaza kazetariak gidatuko du saioa, 18:30ean udaletxeko areto nagusian.
Bihar, Ibon Oregi (Markina-Xemein, Bizkaia, 1977) kirolariak Aparretan bizi hitzaldia eskainiko du udaletxeko areto nagusian, 18:30ean. 2020an, hanka galdu zuen Oregik auto istripu batean. Gaur egun, surf egokituan Espainiako txapeldun izan da bitan eta txapeldunorde mundu mailakoan.
Larunbatean, Emakumezkoen III. Frontenis topaketa egingo dute Igarondon (10:00). Azaroan jokatu zuten emakumezkoen frontenis txapelketa hirugarrenez, hamaika bikoterekin, inoizko parte hartze handiena. Mirari Arteaga-Maialen Senperena bikotearentzat izan zen garaipena. Igandean, amaitzeko, gimnasia erritmikoko erakustaldia egingo dute Igarondon (12:00). 70 bat gimnasta inguruk parte hartuko dute.